Hormek gutxi diote
Donostia 2016 Kultura Hiriburutzan, Hormek diote izeneko egitasmoa egin zuten mural artistikoen bidez, kaleko artea aldarrikatzeko. Halakoetan ohikoa den moduan, auzo periferikoetan margotu zituzten, bat izan ezik: hiri erdiguneko hormarik nabarienean pintatzeko baimena lortu zuten, Urumea ibaiaren igogailuko fatxada luzean.
Igor Rezola –aka Dizebi– artistari askatasun osoz artelanik ikusgarriena egiteko aukera eman zioten, baina mural apaingarri baten ordez, hiri gris honetan egin den obrarik erradikal eta jenialena gauzatu zuen. Egun batzuk prestaketetan eman ondoren, Igor garabi erraldoi batean zementuzko hormaren muturreraino igo zen, eta esprai beltzez «kapitalismoa borrokatu» idatzi zuen pintaketa baldarren estilora. Segidan, pintaketarekin letrak estaltzen hasi zen, «kapital» soilik utzi arte. Igorren ekintza performatiboa egun troleo gisa uler daiteke, baina arte hegemonikoari, kultura kapitalistari eta 2016ko jarduera instituzionalei buruzko hausnarketa mamitsu bat eskaini zigun. Tira, nork erabaki dezake zer den artea eta zer ez?
Testuingurua da beti garrantzitsuena, eta Igorren artelana beste esparru batean agintariek bandalismo gisa salatuko lukete. Eta ez, ez dute orain arte salatu, baina bai borratu.
Egun, Donostia Apain kultur jarduera publikoak Hormek diote-ren ereduari jarraipena eman dio, eta, auzoetatik kanpo, berriz erdiguneko igogailua pintatzeko ausardia izan dute. 2016ko ondareari begirune gutxirekin, 20 metroko mural erraldoi apaingarri arrunt batekin Igorren obra borratu dute, inork ezer nabarmendu gabe, bandalismo mailara degradatuz. Tira, nork erabaki dezake zer den eskulana eta zer artelana?
Donostiako hormek hitz egingo balute, ezer gutxi esango ligukete. Fatxaden gris koloreko birgaitze prozesu tristeari gure grafiteroen maila eskasa bateratu zaio, erdipurdiko firma berberekin nonahi: atari, denda, farola, altzari, trafiko seinaletika… Eta, bitartean, street-art edota urban-art adibideen arrastorik ez. Eskerrak jainkoari, gabezia tamalgarri hori konpontzeko sinadura gabeko heroiak agertu dira hiriko autobus markesinak kartel txundigarriz josiz. Kartelean fetu baten irudia ageri da testu honekin: «Orain abortatzen baduzu, norekin egingo dugu larrutan 5 edo 6 urte barru?». Zirrarak jota, Abokatu Kristauak elkarteak epaitegira jo du negar egitera. Tira, nork erabaki dezake bandalismoa zer den eta zer ez?
Duela gutxi, alderdi popularreko bi zinegotzik argazki bat igo zuten sareetara parke bateko –ez zuten argitu non– banku bat pintatzen, «GORA ETA» hitzak estaltzeko antza. Ez dakigu nork idatzi zuen ETAren aldeko aldarrikapena, baina bai ondoren bankua nortzuk bandalizatu zuten; udalak hiri-altzariak margotzeko debekua du, eta zinegotziek udal-ordenantzak ezagutu eta obeditu behar dituzte. Erakundeek kontrakultura mugimendu hedatuak fagozitatzeko duten joera interesatu eta bitxiak ez du etenik.
Ahaztera utzi dugu 2010eko Zinemaldian ustezko Banksy artistaren muralarekin gertatutakoa. Hari esker, donostiarrek «Bansky» zuzen idazten ikasteaz gain, etxeko grafiteroek besteen obrarekiko duten errespetu falta eta gure politikarien hutsaltasuna agerian uzteko balio izan zuen. Halere, ez dut itxaropena galdu gure kaleko artistengan, hobetu ahal izateko ikastaro ederrak dituzte Donostia Kulturan eskuragarri, edo bestela euren pintura maite zaitudalako sortzen dut nonahiko mezu nekagarriak estaltzeko erabili dezakete.