Hotz egiten du
Azaroa. Egun ilunak, negu giroa hezurretaraino sartua. Hotz egiten du kalean egoteko, taberna aseptikoen estufadun terrazatan ez bada. Hotza areagotu egiten da bakardadean. Eskuak norekin igurtzi ez daukagunean, atzamarretako zirkulazioa geldotzen zaigu, zainek azala zeharkatzen dute ia. Hotza urdina da. Tristura den bezala.
Baserritarren zaildutako eskuek ahaztuta dute nolakoa den kaletarron igurtzia. Gero eta bosteko gutxiago. Generoa gero eta urriago eskuz esku. Geroz eta bakanagoak hartu-emanak: «To, no, eta bueltak hiretzat!». Baratzean ez bezala, merkatuan, ordu luzeak, eskuak poltsikoetan.
Udalak ere aspaldi askatu zituen Bretxako baserritarren esku gogortuak, eta finagoekin, zuriagoekin, ordezkatu. Mundu guztiak daki, baina ez du haustura berak iragarri nahi. Nahiz eta harremana aspaldi dagoen hila, eta jakina izan erru gehiago duela horretan berak. Aspaldi lagunarengandik urrunduta dabilen arren, izan zirenaren nostalgia puntu bat sartzen zaio tarteka. Urtean behin. Abenduaren 21ero. Eta hari fin-fin horri eusten dio, trakets. Harremana hautsi nahi du, erabat hautsi gabe.
Baina batez ere, udalak ez du pelikulako gaiztoa izan nahi, eta bikotekide koldarrek egin ohi dutena egiten du: lagunari itsusikeriak egin bata bestearen atzetik, ea bere partez hartzen duen berak jendaurrean iragarri nahi ez duen erabakia. Enbarazu egingo balio bezala sentiarazten dio behinola maitatua izan zenari. Ongietorria dela esan, eta gero bazter batean utzi. Harekin hitzordua jarri, gero hura behin eta berriz aldatzeko, agerian utziz benetan ez duela berarekin geratu nahi. Tratu txarra eman. Ea gogaitzen den, ea «nahikoa da!» esaten dion.
Bakardadea izan liteke hautatua. Baina askotan da umiliagarria. Porrota. Canovas gunea izan zenaren tamainakoa. Hotz egiten du. Hotz urdina. Kale gorrian. Eta denok dakigu pelikulako gaiztoa zen den.