Hotza da legea
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Luze dator negua. Hotz da Gaztela, hotza kartzela. Hotz teila gorri, horma grisak, harrizko herri zorroztarriz jasoak. Hotz etxeko bosgarren aulkia. Hotza legea, hotz kartzelaria. Gizakia zen munduaren neurria, bera zen legea. Orain legea da gizakia, papera eta sinadura. Hotza da gizakia, hotza legea. “Kartzela gezurraren mundu erreala da”, dio Mikel Antzak. Hotzez da Joseph K zoritxarrekoa. Bere kartzelero zelataria, Kafkak sortua baina edonongoa, legearen zerbitzari da. Legearena da. Eta hargatik zaio gizalegea –justizia– helezina. Zoritxarrekoak badaki gezurra mundu-ordenaren fundamentu egiten dela honela. Edozein lege hausturen gainetik eta inpunitate osoz jokatuko du gainera. Kartzelariaren komenientzia da legea. “Ezinlandia handia da kartzela”, dio Jokin Urainek. Zentzugabekeria eta absurdua gainditzen dute hainbat debekuk, zenbait legek. Txiste moduan kontatua izan da: araketa batean kefirra egiteko onddoa kendu zioten preso bati, “konpainiako animaliarik ezin zuelako eduki ziegan”. Ez da txistea. Hotza da legea, baldarrak dira legeak. Eta etengabean jarri behar da zalantzan legeen ezarpena. Zalantzan jartzeak baldarkeria zuzendu eta justiziari egiten dio ekarpen. Legeez mintzo zaizkigu, legalitateaz. Legea ezarri behar da, beti. Hotza da legea, eta badira injustizia legeztatzen duten legeak. Hauek ez dira baldarrak. Aplikatzen direnean, idaztean errespetatuarazi nahi zuten horixe bera ezartzen baitute. Aurka egin behar zaie, erresistentzia. “Baina, argi dago, kideok, baldarra da gure erresistentzia”, dio John Berger-en pertsonaietako batek. Kartzelan gau bakarra igaro zuen Henry Thoreauri laguna joan zitzaion bisitan, eta galdetu zion: “Zer dela-eta zaude zu hemen?”, eta Thoreauk erantzun: “Eta zer dela-eta ez zaude zu hemen?”. Alegia, harrigarria bere burua zintzotzat duenak legedia injustuari beste gabe men egitea da. Hotz da kanpoan, hotza barruan. Mundu honetan denok gara presoak. Ziegaren tamaina da gutxienekoa. Oihana Agirreri eskainia.