Hotzikarak
Nerabetan, uda liburuak irensteko garaia zen niretzat. Denetik irakurtzen nuen, asko bigarren edo hirugarren aldiz; eta noski, zerrendan ezin zen falta Hotzikarak serieko libururen bat. Nire gogokoena Egun bat Izulandian zen; gogoan dut tapa moreko liburuak kolore horiko izenburua zuela, odolaren jarioa imitatzen letrekin, eta erdian, adardun munstro berde batek ongietorria ematen zion irakurleari, kartelak berak zioen moduan, amesgaiztoak errealitate bihurtzen diren parkera. Irakurtzen hasi aurretik, azken abisu bat eskaintzen zuen azalak: «Sartu ausartzen bazara…».
Eta, noski, parkean sartzerakoan, amesgaiztoak egia bihurtzen ziren, protagonistei bihotzekoa eragiteko moduko gau beldurgarria igaroaraziz eta irakurlearen besoetan oiloipurdia eraginez. Baina amesgaiztoek badute elementu bitxi bat, oraindik beldurgarriago bihurtzen dituztenak; amesgaizto batean murgilduta zaudenean, zeu zara beldurtzen zaren bakarra. Ametsean gertatzen ari dena gauzarik surrealistena izanda ere, ingurukoek normaltasunez jokatzen dute, amesten dabilena zeu zarelako, eta zure garuna delako torturatzailea.
Bitxia da geure buruak gu beldurtu eta saboteatzeko duen grin sadikoa; uste duguna baino amesgaizto gehiago sufritzen ditugu, baina zorionez, gehien-gehienak ez ditugu gogoratzen hurrengo egunean. Eta halere, gaua iritsi eta begiak ixtearekin batera, geure garuna gorputzeko txokorik ezkutu eta ilunenean giltzapean gordeta ditugun izu handienak pasiatzera ateratzen saiatuko da behin eta berriz.
Baina ez dugu zertan larritu behar; amesgaiztoak ia gauero sufritzeak eta haietaz gogoratzeak estresa eta antsietatea ditugula adierazi dezakeen arren, egiatan geure bizirauteko sena esna eta adi mantentzen laguntzen duten alertak dira amesgaiztoak. Mugikorreko alarmaren antzera, lokartu ez gaitezen eta irentsi ez gaitzaten arbasoengandik jasotako oinordekotza kognitiboa.
Horregatik, egunotan kalera irtetean eta irribarrerik gabeko aurpegi urdinekin etengabe topo egitean, areto hutsetan sartzean, eskuak alkoholarekin etengabe igurtzean edota jendea ukalondoarekin agurtzean bat-batean hotzikara batek bizkarrezurra goitik behera zeharkatzen badizu gorpuz osoa astintzeraino, ez larritu; gogoratu, amesgaiztoetan zeu zarela beldurra sentitu dezakeen bakarra, eta zorionez, guztia ahaztu egingo duzula begia ireki eta izerditutako izaren artean esnatzen zarenean. Ala ez?