'Igandearen biharamuna'
Astelehenak ez dira samurrak izaten. Batere samurrak. Astunak, luzeak… Jai eguna ez bada, inork gutxik du gogoko astelehena. Ez du fama onik asteko lehen egunak. Datorren asteko astelehena, adibidez, txuri-urdinentzat berezia izango da. Geratzen zaizkien lau finaletatik, lehena, jokatuko dute. Zailena. Sailkapenari begiratuz gero, nahikoa aise irabazi beharreko dema. Halere, denboraldiaren azken txanpan ez dago partida errazik. Granadak agur esan nahi die azken hiru postuei, eta Anoetan puntu bat eskuratzea bikaina litzateke andaluziarrentzat.
Reala irabaztera behartua dago; iragan asteleheneko errezeloak uxatzeko, eta laugarren postuan are sendotzeko. Norgehiagoka hasterako Valentziaren emaitza ondo baino hobeto jakingo du, eta horrek partida kudeatzeko zenbait pista emango dizkio. Astelehenekoa finala da. Ez nolanahikoa gainera. Malagak, iragan asteazkenean, Bernabeun galdu ondoren, laugarren postuaren dema, valentziarren eta donostiarren artekoa izango da. Dortmunden jasotako begi-ondokoaren ostean, Pellegrinirenek ez dute burua altxa, eta klubaren etorkizuna ere kolokan dago. Baita Valentziarena ere. Armarrian saguzarra duen taldearen egoera ekonomikoa ez da batere samurra, eta Txapeldunen Ligan sartzea haizea arnastea izango litzateke.
Valverderen koadrilak, falta diren lau partidetatik, hiru, etxetik kanpo jokatuko ditu. Hiru arerioek –Rayok, Getafek eta Sevillak– Europa dute jomuga. Ez dira partida errazak izango. Horrez gain, Valentziak azken aurreko jardunaldian, Granada hartuko du etxean. Norgehiagoka hori ere gogorra izango da. Valentziak eta Realak lau esprint estu jokatuko dituzte.
Anoetako asteleheneko partidan pazientziak eta zaleek berebiziko garrantzia izango dute. Batetik, estutasunak taldea irensten badu, jokalariak nahi eta ezinean ibil daitezke, baina une horri aurre egiteko bigarren alderdia esku-eskura izango dute: jarraitzaileak. Botika. Realzaleen berotasunak, orain arte bezala, taldea airean eman dezake. Beraz, ea hamaika berbenetan entzundako kanta betetzen den: «…egongo naiz ni zure zain, eta ibiliko gera lasai, astelehena hau da astelehena gaur». Ez dut uste astelehen buru zuria izango denik, astelehen, txuri-urdina baizik.



