Igogailukeriak
Atarian sartu orduko, bizilagunen batek nire bide bera zuela ikusiz gero, hautatu izan dut pausua moteltzea. Atariko giltza poltsan trabatzearen plantak egin izan ditut; postontzi aurrean lasaitasunaren itxurak egin ere egin ditut. Igotzeak ematen zidan hautatzeko aukera zukutu dut: norekin igo erabakitzea.
Neure aldartearen arabera aukeratzen nuen pausokera moteldu ala ez. Abiaduraren arabera hautatzen nuen inorekin eman denbora ala norekin ez: igogailuaren botoia jo, itxaron, sartu, irteeraren araberako lekua hartu, solairuko botoiari eman, agurtu, gora, zazpigarrena, agurtu eta atera.
“Zeri buruz arituko naiz, bada, bizilagun honekin?”. Askotan galdetu diot horixe neure buruari. Beti berdinari ekitearen kontrakoa nintzen. Aspergarria zitzaidan, noizean behin zama izateraino: egin nahi ez nuen esfortzua egin behar izatearen zama. Gainera, eraikinean gaztelera zen nagusi; beraz, gutxitan erabil nezakeen neure hizkuntza. Gaztelera derrigor dudanetan gertatzen zait, ahoskera dorpean aritzen naizela, agian, urduritasunak eraginda.
Bizilagunarekin igogailuaren zain nengoenean trukatzen genituen hitzak: otordu aurreko goseaz, eguraldiaz, amonaz eta ixiltasunaz. Beste batzuetan hitz egiten genuen beste zera batean, erosoago-edo zazpigarrenera arte. “Ez da, bada, hainbesterako izan”, pentsatzen nuen halakoetan, eta gero etxekoei kontatzen nien norekin igo nintzen.
Gaur egun ez daukat igogailurik. Azken hilabetean eskaileretan, atarian, leihoetan, topatu garenean ez dut sentitu “hitz egitera behartuta nago, ez dut nahi, ez dakit zer esan!”. Irribarre egin dut, poztu naiz, agurtu dut eta zeozer hitz egiterik sortu denean, igogailukeriak egin ditugu. Sakonkeriek adina bizi naute eguneroko hartu emanek.
Ohiko bizitza produktiboan, leku batetik bestera segundua neurtuz nabilenean, zenbat denbora eskaintzen diet bat-bateko topaketei? Pandemia garaia lasaiagoa da zentzu horretan. Erosketak egiterakoan elkarrizketa txikiak bilatu ditut. Harategiko tertuliak ilarak bezainbat luzatu dira. Dendariari irribarre egin diot, baita besteak baino motelago ari denean ere; “presa aldez aldatu da”, pentsatu dut.
Presa atzokotzat dudan honetan, topaketatxoak garrantzitsuago bihurtu zaizkit eta elkarrizketetan eroso sentitu nahi izan dut. Beraz, hitzen hautaketa kontzienteagoa egiten saiatu naiz. Hizkuntza bat ere banaizela oroitarazi diot neure buruari, eta ondorioz, bizilagunari, euskaraz ekinez harremanari. Gero, etxera itzultzean kontatzen dut norekin topo egin dudan, zer kontatu diogun elkarri eta nola: “Aizu, badakizu hirugarrenekoa euskalduna dela?”.