Ikastolan lan egitearen balioa
Nahikoa da! Orain ere esan egin beharko da, Osakidetzan gertatu zen bezala, eta egoera bidegabe honekin amaitu. Urteak eta urteak horrela. Hura legearen kontrakoa zen eta hau legez onartua, baina erabat injustua.
Otsailaren amaieran argitaratu dute Bigarren Hezkuntzako oposizioen deialdia. Merezimenduak atalean, irakaskuntzan aldez aurretik izan den esperientziaren puntuazioa azaltzen da. Desberdina da, ordea, lan egin duzun ikastetxearen arabera: Sare publikoan lan egin baduzu, hilabete/urte-zati bakoitzeko 0,0583 puntu emango dizkizute, beste ikastetxe mota batean izan bada 0,0125 puntu, hau da, ia bost aldiz gutxiago, %80 gutxiago! Sinestezina dirudi! Oposizioen sistema honek irakasleen egokitasuna neurtzeko ez du balio, zalantzarik gabe, baina zergatik bereizketa hori? Zertan oinarritzen da irakasleon lana desberdin baloratzea?
Nik ikastolan lan egin dut 32 urtez, 100dik gora lankide izan ditut, etapa guztietakoak, eta urte guzti hauetan Ikastolen sareak bizi izan dituen une itxaropentsuak eta, batez ere, gogorrak bizi izan ditugu denok, Eusko Jaurlaritzak 3. hezkuntza sarearen izaera aitortu zigunetik, gero 1993an Buesa sailburuak ikastolen mugimendua zatitzea lortu zuenean, eta ondorengo urte hauetara arte, non zailtasun ekonomikoak tarteko, lan baldintzak okertzen joan diren. Hala ere, ez dugu amore eman eta kalitatezko irakaskuntza eskaintzen ahalegintzen gara, egunero, edukiak eta balioak transmititzen, gaitasunak lantzen, ikasleen garapena zaintzen, laguntzen eta aholkatzen, gurasoekin hartu-emanetan, tutore eta irakasle garenez. Eta ongi egiten dugu gure lana.
Hezkuntza sailarentzat, ordea, gure lanak ez du balio ikastetxe publiko batean ari den norbaitenak adina. Askoz gutxiagotzat dauka. Injustiziak eta arrakalak salatu eta gainditu behar direla esaten den garaiotan, berdintasuna aldarrikapen orokorra denean, zergatik mantentzen du horrelako diskriminazio larria irakasleen artean?