Ikuskizunak jarraitu behar du
1936ko irailaren 13an indarkeria atzerakoiak Donostia hartu zuenean, jende multzo izugarriak hiritik alde egin zuen, Bizkaira iristea helburu zuela. Adibide bat aipatzearren, Amara auzoan, bizilagunen %85ek alde egin zuten. Piztia faxistak odol arrastoa utzia zuen, eta zona honetan, denboran zehar berdin gertatuko litzateke.
Gaurko idazki honen lerroburua musikari buruzkoa da. Donostiatik alde egin behar izan zuen jende multzo horren artean, zuen arreta Donostiako kontserbatorioko hiru musikarirengana ekarri nahi dugu: Pio Romo Etxeberria, Manuel Rodriguez Martinez eta Fernando Iriarte Fabo. Bilbora iritsi zirenean, CNTko musika bandan sartu ziren, La Libertad izena zuena, eta bertan alferez, azpi-laguntzaile eta ofizialorde gisako ardura eman zitzaien, hurrenez hurren.
«La Libertad musika bandari zer gertatu zitzaion ez dakigu, baina denboran zehar dei bat egin nahi izango genuke, hori lortzeko gailu kuantiko bat izango bagenu bezalaxe. Agian, miraria gerta liteke»
Musika bandako burua Jose Gainza Napal kapitaina zen, bilbotarra, eta banda honek 1936an honelakoak zituen: zuzendaria, flautin bat, bi flauta, errekinto bat, bederatzi klarinete, lau saxofoi altu, bi saxofoi tenor, sei tronpeta, fliskorno bat, lau tronboi, bi bonbardino, baritono bat, hiru baxu, platertxo bat, bonbo bat, kopista eta artxibozain bat, kopista eta idazkari bat eta kopista eta atril morroi bat. Musika banda honen egoitza, 1936ko azken hilabeteetan, Kasillako CNTko milizia antifaxisten kuartelean zegoen, Ingeniari Eskolan ezarritakoa, eta egoitza honen ondoan ere lau batailoi anarkistek egoitza zuten, lehenetik laugarrenera, Bakunin, Malatesta, Isaac Puente eta Sacco Vanzetti batailoiek hain zuzen ere.
La Libertad musika bandak ekitaldi ezberdinetan jo zuen, eta ekitaldi horietako bat benetan jendetsua suertatu zen, Amurrioko Milizianoaren Etxea inauguratu zenean gertatu zen bezalaxe, bertan Bakunin 1 izeneko batailoiaren egoitza baitzen. Ekitaldi honetan batailoiak agintari militarren eta CNTko komandantzia nagusiaren aurrean desfilatu zuen, “uniformea jantzirik eta pauso martzialarekin”, aipatutako musika bandak jotzen zuen bitartean. Desfilearen bukaeran, metrailadoreen atalak desfilatu zuen, eta desfilea guztiz arrakastatsua izan zen, bertan egondako guztien iritzia oso ona izan zelako. Horizontes aldizkarian eta garai hartako CNT del Norte egunkarian ekitaldi honen albistea irakurri ahal izan zen. Zoritxarrez, 1937ko udaz geroztik, musika banda honi zer gertatu zitzaion ez dakigu, baina denboran zehar dei bat egin nahi izango genuke, hori lortzeko gailu kuantiko bat izango bagenu bezalaxe. Artxibozainaren edo idazkariaren senideek desagertu ziren partituren kopia helarazi ahal izango ligukete. Agian, miraria gerta liteke. Agian, partitura horiek faxismoaren gau beltzean betiko galdu ziren, baina berreskuratu ahal izango balira, guretzat guztiz pozgarria litzateke. Ikuskizunak jarraitu behar du. Gorria eta beltza aurrera beti.