"Illarra ez da ukitzen"
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Realzale, ba al zenekien bukatu berri den denboraldian Asier Illarramendik jokatu ez dituen sei partidetatik norgehiagoka bakarra irabazi duela Realak? Zigortuta eta min hartuta egon ez den bakoitzean, erdilari txuri-urdina Ligako lehia guztietan berdegunean izan dela? Philippe Montanier entrenatzaile frantziarrak gehien erabilitako jokalaria izan dela?
Horregatik guztiagatik, eta falta izan denean Reala ez delako Reala izan, Illarrak Donostian jarraitu beharko luke, bai ala bai. Hain zuzen ere, denboraldi zoragarria bete eta gero, eta aste honetan bertan Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin Europako txapelduna izan ondoren, klub askoren ahotan dago Zubietako harribitxia. 2018. urtera arte du kontratua, eta 30 milioi euroko klausula du, baina dagoeneko hasi dira zurrumurruak. Bartzelonak bere bilakaera bertatik bertara jarraitu du, Real Madrilek ez dio begirik kentzen, eta orain komunikabideek zabaldu dute Arsenal talde ingelesa ere prest dagoela Londresera eramateko. 12 milioi euro ordainduko lituzke, Xabi Alonsok bere garaian hegazkinez hartu zuen bide bera egin dezan; Ingalaterrako Premier Ligaruntz, hain justu.
Realak ez du etxeko jokalari baliagarrienak saltzeko inongo asmorik, ezta beharrik ere. Halaxe jakinarazi zuen Jokin Aperribai presidenteak joan den hilabetean, beti ere jokalariak etxean jarraitzeko prest egonez gero. Horrenbestez, realzale, lasai egon zaitezke; mutrikuarrak Donostian jarraituko du, inork 30 milioi euro ordaintzen ez baditu. Eta hori, egungo egoeran, ezinezkoa iruditzen zait. Krisiak, behintzat, badu bere alde ona.