Illunbe Berria: egitasmo desenfokatua?
Udal Gobernuak Illunbe Berria proiektu milioiduna aurkeztu du, egungo kirol gunea modernoago batekin ordezkatu nahi duena —hori bai, zezen plaza mantenduz—. Illunbek transformazio bat behar duela bistakoa bada ere, proiektuaren ikuspegiak gehiago dirudi beste negozio kolpe bat, hiriko kirol beharrak aseko dituen soluzio integrala baino. Bestela esanda, modernoagoa izango da, ikusle gehiago eta ikusgarriagoa, baina, Anoetako gainontzeko instalazioen gabezia sakonek okerrera egiten jarraituko dute.
Anoeta osoa modernizatuko duen paradigma aldaketa baten alde egin ordez, gobernua iraganeko akatsak errepikatzen tematuta dagoela dirudi, kirolaren eta jarduera fisikoaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten ez dien makroproiektu batekin.
Anoetako kirol hiriak, besteak beste, estadio txikia, izotz jauregia, belodromoa, Atano III.a pilotalekua eta Gaska kiroldegia hartzen ditu. Azpiegitura horiek, batzuk 50 urte baino gehiago dituztenak, zaharkituta daude. Ez dituzte betetzen gutxieneko irisgarritasun eta segurtasun arauak, eta ez dute diziplina anitzeko espaziorik XXI. mendeko kirolak behar duen trebakuntzarako. Illunbe berri bat eraikitzeari ekin aurretik, ez al litzateke logikoagoa izango, lehenik eta behin, egungo instalazioak eta dauden gabeziak aztertuko dituen proiektu integral bati ekitea?
«Kontua ez da azpiegitura berriak eraikitzea soilik, herritarren, kluben eta federazioen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien konplexu bat sortzea baizik»
Kirolak eta jarduera fisikoak eboluzionatu egin dute, eta Anoetan etorkizunari begira egongo den eta iraganeko paradigmetan kateatuta egongo ez den ikuspegi globala behar dugu. Kontua ez da azpiegitura berriak eraikitzea soilik, herritarren, kluben eta federazioen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien konplexu bat sortzea baizik. Ikerketa, teknologia eta prestakuntza integratuko dituen proiektu bat, eliteko kirola, jarduera fisikoa eta donostiar guztien bizitza osasungarria sustatuko dituena.
Badirudi udal gobernua obsesionatuta dagoela ekitaldi eta kirol ikuskizun handiak erakartzearekin, baina hori al da lehentasuna? Illunbe Berriak ekitaldi jendetsuak ditu ardatz, baina ez ditu kontuan hartzen hiriaren benetako beharrak. Donostian eta Gipuzkoan instalazio irisgarri, moderno eta moldakorren beharrean gabiltza, maila eta modalitate guztietako jarduera fisikorako. Hiriko klubetatik hasi eta kaleko kirolak egiten dituzten gazteetaraino. Hiriak kirolarientzako egoitza bat, diziplina anitzeko guneak eta medikuntza, psikologia eta kirolari aplikatutako teknologia berrien gisako arloak biltzen dituen ikerketa zentro bat behar ditu.
Kirol hiriak paradigma aldaketa behar du, kirolaren eta jarduera fisikoaren ikuspegi modernoa. Horretarako, hiriak asmo handiagoko udal gobernua behar du. Kirol hiriak proiektu integrala izan beharko luke, instalazioak berritu eta XXI. mendeko beharretara egokitutako azpiegiturak sortuko dituena.