Iluntasunaren zuloetan
Argi denez, botilak erdi hutsik edo erdi beteta ikusten ditu bakoitzak. Errespetua merezi du euskal zinemaren botila une honetan erdi beteta dagoela goraipatu nahi duen horrek. Baina une jakin honetan badira botila erdi hutsik dagoela iradokitzen duten datuak. Gaur hasiko den 69. Donostiako Zinemaldian ez dute euskarazko fikziozko film luzerik estreinatuko (iaz lau eta erdi izan ziren, Akelarre-ren sorginen hitzak filmaren erditzat joz gero). Zinemira sailaren eskaintzan sartu dituzte euskarazko fikziozko bi film, baina iazko udazkenean eta aurtengo udaberrian estreinatu zituzten aretoetan Erlauntza eta Ilargi guztiak. Bada Zabaltegi sailean euskarazko film labur bat ere, euskal gatazkaren ingurukoa, eta ez dago gaizki nabarmentzea Heltzear lanak Veneziako jaialdian lehiatzeko aukera izan duela. Mikel Gurrea zinemagilearen (Donostia, 1985) lanak datozen hilabeteetan bidaia oparoa egin dezakeenik ezin da ukatu.
Aldiz, are deigarriagoa begitandu zait Euskal Zinemaren Galan, datorren asteartean, Hondalea izeneko dokumentala emango dutela jakiteak. Gaztelania hutsean da dokumentala, Santa Klara uharteko itsasargiaren etxean egin duten zuloari buruzkoa. Bost milioi euroko kostua izan duen obra bat oinarri, hari buruz egindako dokumentala edo enkarguzko lana da, antza denez, euskal zinemak bere galarako eskaini dezakeen eskaintzarik erakargarriena. Ez zait iruditzen, euskal zinema benetan loraldian eta oparo balego, halako lan batek bete beharko lukeenik Euskal Zinemaren Gala. Baina behin badiako uretan bustitzen hasita, proposatuko nuke datorren urteko galan estreinatu dezatela Donostiako metroaren obretako zuloen gaineko film bat. Ahal bada, euskaraz eta thriller ukituekin izan dadila. Eta kredituetan ager dadila, Santa Klarako itsasargia hatzez seinalatzen: Ernesto Gasco, Metro Bilbaoko presidente ohia.