Imagine
Imajina ezazue, larunbat gau osoa parranda zalapartatsuan pasatu ondoren, goizeko bederatzietan etxepetik pasatzen den udal txistulari taldeak egiten duen zaratak lo egiten uzten ez duelako kexu den norbait.
Imajina ezazue, komentu azpitik zehar eraikitzen ari diren tren tunelaren lanen hots eta dardarek errezoan jarduteko egiten dien enbarazuagatik kexu direla mojak.
Imajina ezazue, futbol zelaian partida bat jokoan delako, zelai horri itsatsita dagoen kultur etxe bateko ekimen guztiak ziurtasun eta zaratagatik bertan behera uzten dituztelako kexu direla kultur etxearen erabiltzaileak.
Aipatu ditudanak kasu surrealistak badirudite ere, egiazkoak dira hirurak, eta azkenengo hau gertatu berri dena, gainera.
Futbol estadio baten saihetsak kultur gune bat kokatzeko lekurik aproposenak ez direnez, joan den hileko ekimenen etetearen modukoak gertatu izan dira bestetan, eta berriro ere gerta daitezke.
Gobernu Zibila Kultur Etxe plataforman, Amara Berriren moduko auzo handi batek (30.000 biztanle) instalazio handiago eta egokiagoak behar dituela deritzogu, eta eraikin hori auzoaren erdian daukagu, garai batean Gobernu Zibila izan zen etxe handian.
John Lennonek «’Imagine all the people, sharing all the world’» zioen. Guk Gobernu Zibila donostiar guztiekin partekatzearekin nahikoa dugu. Hori imajinatzen dugu.
Maiz jardun gara Gipuzkoako talde politiko guztietako ordezkariekin hizketan. Denei egin diegu eskaera berdina: Gobernu Zibila kultur etxe bihurtzea. Eta denek eman digute erantzun berdintsua: «Bai, baina…».
«Bai, baina» kamutsenetakoa eskaini zigun talde politikoak harritu gintuen duela hilabete batzuk. Bapatean, udal hauteskundeen bezperatan, talde horretako zinegotzi buruak, Madrileko ministroarekin eduki zuen elkarrizketan, Espainiako Gobernua eraikin hori gure auzoko kulturgune izatea bideratzearekin ados zegoela adierazi zuen mediotan.
Pasatu ziren hauteskunde haiek eta iritsi dira beste batzuk. Berriro ere talde politiko berak aipatu zuen Pio XII.aren plazako eraikinaren zati bat, bederen, udalari saltzeko negoziazio bideak zabaldu nahi zituela. Etxe horretan diren zerbitzu gehienak, Garibai kaleko garai bateko Banco de Españara eraman ondoren, libre utziko lituzketela amaraberritarrentzat hainbat metro karratu.
Gobernu Zibila Kultur Etxe plataformatik, udaleko talde guztiei aukera hau ez galtzeko eta berehala martxan jartzeko eskaera luzatu genien martxoaren 11n. Baina, oraingo honetan, ez digute deus erantzun, ez eta «Bai, baina…» ere.
John Lennonek «Imagine all the people, sharing all the world» zioen (imajinatu jende guztia mundu osoa partekatzen). Guk Gobernu Zibila donostiar guztiekin partekatzearekin nahikoa dugu. Hori imajinatzen dugu. Bai, horixe.