Iñake Irastorza: 'Arduragabe'
Madrilgo gobernua, zirt-zart etenik gabe eta arduragabe ari da neurriak hartzen eta mozketak egiten. Noski, betikoen onerako, eta nola ez, baita betikoen kalterako ere. Ezin esan, ordea, ezustean harrapatu nauenik. Ondo baino hobeto genekien jendilaje honekin zer etorriko zen. Halere, ez nago lasai, ez horixe. Inoiz ez dago jakiterik hauekin, zertarako eta noraino diren kapaz. Nazka emateko moduko harrokeria eta inozokeria dutela dabiltza, nahi dutena esanez eta erabakiz. Gupidagabe aldatuko dituzte legeak, eta berriak jarri ere, beraien helburuak lortzeko bada. Jende xumearentzat debekurik eta zigorrik ez da faltako. Lapur handientzat diru publikorik ere ez. Kultura, hezkuntza eta osasun arloan, ordea, mozketa latzak eta gogorrak, inongo ardurarik gabe eginak. Inork pentsatu du, orain osasun sailean hartzen ari diren erabakien eta murrizketen ondorioa, hemendik epe motzera nolakoa izan litekeen? Ojala ez, baina seguruenik laster hasiko gara, gure artean zeharo menderatuta genituen hainbat gaixotasun berriro ikusten eta sufritzen. Eta zer esan, bertan behera geldituko diren hainbat gaixotasunei buruzko ikerketez?
Bestalde, hezkuntza publikoa eta kultura nola tratatzen ari diren ikusita, ez dakit zer pentsatu ere. Herriaren etorkizuna ostikoka eta kuletazoka dabilkite. Kulturarekiko mesprezua besterik ez dute ageri. Argi dago gauzak horrela egiteko ez dutela inongo programa politikorik behar, beti egin dutena egitearekin nahikoa dutela, alegia. Hauek nahi dutena Antonio Machado, poeta handiak, aspaldi iragarri zigun: “la España de charanga y pandereta, cerrado y sacristia…” Nola neurtu honek guztiak ekarriko dituen ondorio larri eta mingarriak? Diru publikoa, egon badago oraindik, eta ez badago kenduko digute, ez izan dudarik; baina Bankia, Rato eta, oro har, lapur erraldoiak indemnizatzeko, subentzionatzeko eta abar luze baterako erabiliko dute.
Bukatzeko, behin eta berriz suari gasolina botatzea oso gustukoa duen norbait datorkit burura: Esperanza Agirre. Zergatik ez ote dute atxilotzen behingoz, espainiar nazionalista “erradikal eta estremista” izateaz gain, biolentziaren apologia sutsua egiten inoiz nekatzen ez den emakume hau? A, eta beste galdera bat: Athletic eta Barçak jokatzen duten egun berean, zertarako eta zergatik baimendu ote dute manifestaldi patriotiko-ranzio-bikolorista hori? Ai, Esperanza, Esperanza! A ze nolako esperantza!