'Jira eta bira'
Iñake Irastorza, aktorea
Aurten ere iritsi da martxoaren 8a, eta egia esateko, ez da egon zer aldarrikatu faltarik. Egun horren bueltan, oso ozen esan da eta entzun ere bai –nahi duenak behintzat– krisia zer nolako eragina izaten ari den andrezkoen kontra. Edonorentzat oso gogorra den krisi hau, zein krudela izaten ari den emakumearentzat. Honi erantsi diezaiogun Madrilgo gobernuak iragartzen dituen zenbait gauza, eta horra! Prest betiko kaka tarta: buelta eta buelta, segi eta segi, jira eta bira, etengabeko kiribilean sartuta mugarik gabeko zorabiora iritsi arte. Dena dela, nire esparrura begiratzean ere, ez dut askoz hobeto ikusten kontua. Jadanik badakigu antzerkiak, zinemak, edota kulturak orokorrean jasaten duen krisiaz zertxobait, nahiz eta albisteak okertuz joan egunetik egunera. Eta honi guztiari oraindik gainditu gabeko arazo larriak gehitzen joaten bagara: alegia, emakumezko aktoreontzat, salbuespenak salbuespen, istoria eta pertsonaia gutxiago, eta gainera kaskarragoak, idazten direla, adinean aurrera goazen heinean egoera gero eta gehiago larritzen joaten dela… –ez naiz etsenpluak jartzen hasiko, baina ezin da konparatu gizonezkoekin– atera kontuak. Eta jarraitzeko, emakumezko zuzendariak, antzerkiko eta telebistako ehunekorik ez daukat eskuetan, baina zineman, adibidez, %7a baino ez dira estatu osoan. Eta orain benetan harritzen nauen fenomeno bitxi bat konfesatuko dizuet: Antzezlan bat edo pelikula bat ikustera joaten naizen bakoitzean, gizonezko baino askoz emakumezko gehiago ikusten dudala. Kontzertu, museo, hitzaldi eta liburutegietan ere antzeman dut horrelako zerbait gertatzen dela. Zuek ere konturatu al zarete? Zer arraio esan nahi du honek guztiak? Misterioa dirudi. Ez dakit zer pentsatu. Behar bada datu honi garrantzia gehiago eman beharko genioke. Igual ate inportante bat ireki dugu dagoeneko eta iraultza martxan daukagu? Agian, futbolean ere gauza bera gertatzen ari da?