Inaugurazioak eta galderak
Xabier Arzelus, idazlea
Azken egunotan Donostian eta beste leku askotan inaugurazioak egin direnean, burura etorri zait Mikel Laboak kantatzen zuen kanta bat: Langile baten galderak liburu baten aurrean izeneko kanta, hain zuzen. Aipatu kantaren hitzak Bertolt Brecht poeta-borrokalariarenak ziren eta bere poesiako langileak liburuaren aurrean eginiko galderetako batzuek hala zioten: Zazpi atedun Tebas hura, nork eraiki zuen? Liburuetan Errege izenik baizik ez da ageri! Erregeak garraiatu ote zituen harritzar handiok? Eta, aurrerago: Alejandro gazteak ludia bereganatu zuen: berak bakarrik ote? Brecht idazle eta poeta gaurko inaugurazioren batera deituko balute, seguru naiz gure artean hotelera bueltatzerakoan luma edo ordenagailua hartu eta bere buruari antzeko galderak egingo zizkiola: “Museo eder eta distiratsua alkate jaunak, berak bakarrik eraiki ote du? Bere izena baizik ez baita edonon azaltzen! Eta atzo lehen aldiz – edo, agian,bigarren edo hirugarren aldiz!– inauguratutako autobide erraldoia ahaldun nagusiak edo ministro jaunak asfaltatu ote dute? Eta jaialdiko lunch mundiala bere poltsikotik ordaindu ote dute?” Inaugurazioen berri ematerakoan eta ekitaldi horietan hartutako irudietan «goi mailako» pertsonen izen eta irudi gehiegitxo azaltzen ohi dela iruditzen zait. Edo, hobe esateko, euro gutxi batzuren truke benetako lan gogorra egin dutenen aipamena faltatzen dela pentsatzen dut. Ez dut esango “goi mailako” jaun eta andere txit gorenek ez dutela inolako aipamenik merezi, baina beste kanta batek zioen bezala, hemen ere denok ala inor ez printzipioa erabili beharko genuke. Laboak maisuki kantatutako Brechten kantako beste hitz batzuk ditugu ere hurrengo hauek: Itsasoak Atlantida irentsi zuen gauean biztanleak ito zorian oihuka ari zitzaizkien beren esklaboie laguntza eske. Brechten poesiak ez digu esaten esklaboen erantzuna zer nolakoa izan zen, bainan gaur gure artean tsunamiren bat gertatuko balitz ez dut uste gaurko jauntxo eta anderetxoen alde bizia arriskuan jartzeko prest esklabo asko egongo zenik.
