Indarra
Maiatzaren 4an Star Wars eguna izan zen. Izan ere, ingelesezko May 4th egunaren ahoskerak antzekotasun handia du frankiziako lelo nagusiarekin: May the force (be with you). Eliz hizkuntza jasora ekarria: indarra zurekin bedi/indarrak lagun zaitzala.
Mundu osoan zehar hainbat pertsona atera dira frikikeriatan balkoira edota kalera. Konplizitate keinuak, irriño maltzurrak eta goitik beherako begirakuneak jasoko zituzten; baina ez dut uste inor bereziki haserretuko zutenik.
Imajina zuen etxe ondoan zinema bat duzuela Star Wars edo Marvelen azken fimarekin. Ilaran hainbat friki dituzue mozorrotuta. Akaso gustuko izango duzue. Akaso nahiagoko duzue zinema iraniarra. Eta, agian, arrazoi handiz, Disney eta Marvelen atzean dagoen negozioa edo balioei buruzko eztabaida mamitsua ireki nahiko duzue. Denak dira baleko.
Alabaina, nekez topatuko dugu inor publikoki «friki zikin horiek a ze matraka ematen ari diren» esanez. Bada, futbolarekin hori gertatzen da. Kritika horiek zilegi baitira. Halako zerbait esatean betiko erantzuna da: «futbolzaleek ez dakite kritikarik onartzen». Egia izango da, baina ez gaude oso ohituta jendeak besteen zaletasunak hain gogorki epaitzen. Futbolari buruz esandako asko beste zelatasunei buruz esango balira, ikusiko genuke zer nolako pazientzia duten.
Adibidez, neuk ez dut sekula ikusi El conquis delakoa. Ez dut inoiz behar berezirik sentitu etengabe aldarrikatzeko ez didala interesik pizten. Are gutxiago, bere zaleak txolinak ala jatorrak ote diren epaitzen.
Jabetzen naiz, jakina, futbola gustatzen ez zaienek ere egoera ulergaitzak jasotzen dituztela. Begibistakoa da futbolak gure gizartean gehiegizko presentzia duela. Eta bada zer kritikatu handirik bere inguruan: diru publikoa, zaleok dugun nagusitasun sentimendu hori (espazio publikoa okupatzean)….
Futbolak duen gehiegizko indarra kritikatzea normala bada ere, jende askori gustatze hutsagatik kritikatzeak ez du zentzu handirik. Horixe da pertsona batzuk aztoratzen dituena: askok zaletasun hori edukitzea eta beraiek ez. Eta hori snobismo hutsa da. Oso hedatua dagoen zerbait ez gustatzeagatik, zeure burua berezitzat edukitzea eta besteei gustatzea etengabe kritikatu beharra.
Bilbon panpina bat ateratzea, hemen baserritarrez mozorrotzea ala Iruñan faja batekin saindu bati abestea guay dira, parranda denoi gustatu (izan) baitzaigu. Baina 22 pertsona korrika ari direlako festa egitea, kontuz, ridikulua omen.
Asko dago kritikatzeko futbolak dituen pribilegioen inguruan, baita sortzen dituen grinen eta bere zaleen jarreren inguruan, baina batzuei ez litzaieke gaizki etorriko beren grinak futbola bezain gauza tribialean aseko balituzte. Politikan ezagututako jende batek, kasurako, hobe luke bere alderdikeriak eta manikeismoak zelairako uztea.