Inge Ugarte: 'Nire lehenengo eguna'
Inge Ugarte; patroia.
Kontxako estropaden ondorengo iraileko egun bat zen. 17:50ak ziren, eta Hibaikan sartu nintzen 12 urte nituela. Dena berria zen niretzat: fosoa, ergometroa, batelak, arrauneko kideak, entrenatzaileak…
Handik aurrera nire entrenatzaile izango zenak ergometroa gogor egiten jarri ninduen, nire taldekideekin batera. Ondoren, korrika egitera bidali gintuen bera gure atzean zihoala bizikletan. Korrika nindoanean, zer egiten nuen han galdetzen nion nire buruari, hura ez baitzen nik ikusi eta imajinatutako arraun entrenamendua. Hala ere, etxera gustura itzuli nintzen eta entrenatzen jarraitu nuen.
Momentu horretatik aurrera nire bizitzan gauza berriak sortu eta aldatu egin ziren. Hitz berri asko: estrobo, ergometro, paladimetro, babor, estribor, ziaboga… Entrenamenduak astean bost egunetan, lehiaketak asteburuetan, goiz jaikitzea… Horrela, arrauna nire eguneroko bizitzan, pixkanaka-pixkanaka, sartzen joan zen.
Gaur arte, momentu onak eta txarrak eragin dizkit kirol gogor honek. Onenak: garaipenak, entrenatzaileak patroia izango nintzela esan zidanean, eta hiru urte hauetan ezagututako jendea (entrenatzaileak, delegatuak, zaleak eta egindako lagunak). Momentu txarrenak, berriz, patroi izateak, batzuetan, duen ardura.
Udara honetan, Arraun Lagunakekoek beraiekin arraun egiteko aukera eman didate; beraz, hemendik aurrera, talde horren parte izango naiz. Donostiarra izanik, pozik eta gogotsu hartu dut abentura berri hau, eta bizipen berriak bizitzeko gogoz nago.