Inoiz baino biziago
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Futbola eta saskibaloia baino harago, Reala eta Gipuzkoa Basket klubetatik kanpo, bizitza badago; baita gizonezkoen goi mailako kirola baino harago ere. Hain zuzen ere, emakumeek osatu eta zuzendutako talde batek historia egiteko aukera paregabea du hasi berria den denboraldian, urtetan lana txukun egiteagatik jasotako ordain gisa. Bera Bera Eskubaloia taldeaz ari naiz.
Donostiarrek, lehen aldiz bere bi hamarkadako historian, Europako txapelketa nagusia jokatuko dute asteburuan. Larunbatean eta igandean Danimarkan jokatuko dituzten kanporaketak gaindituz gero, Txapeldunen Ligako ligaxkarako sailkatzea lortuko lukete, hots, futbolean Bartzelona eta Real Madril ahalguztidunek aste honetan bertan ireki duten taldekako fase bera.
Ez dute balentriaren tamainuko arreta jasoko komunikabideen aldetik, jokalariak ez dituzte kalean geratuko euren sinadurak lortzearren, baina, erronka erdietsiz gero, Realak Txapeldunen Liga jokatu zueneko ametsa itzuliko litzateke Donostiara.
Gainera, beste talde batzuk dirua xahutu eta gero desagertu edo desagertzeko zorian izan direnean, kirol arloari dagokionez, inoiz baino indartsuago ekin dio sasoiari Bera Berak; ekonomikoki erokeriak ez egiteagatik, hein handi batean, Bidebietako klubak ere larriak pasa baititu.
Orain faborito da Liga eskuratzeko, eta erronka hori ere handia da gero. Joan den denboraldian gertu izan zuten saria, Ligan eta Kopan txapeldunorde izan eta gero. Oraingoan, garaikurren bat etxeratuko dutela ziur naiz.