Beñat Gaztelumendi: 'Inprenta akatsak'
Egunkari orri bat alderantziz jarria. “Inprenta akatsen bat” pentsatuko zuen norbaitek. Eta gero irakurtzen hasi, nola Irutxuloko Hitza kinka larrian dagoen, nola bertako langile bakoitzak 200 euroan murriztu duen bere soldata. Eta nola eskatzen duten laguntza.
Eta norbait bere poltsikoari begira jarriko zen, hasiko zen kalkuluak egiten, alokairuan zenbat, janaritan zenbat, garraiotan zenbat, asteburuetan zenbat, herrigintzan zenbat, euskalgintzan zenbat. Eta begiratuko zion esku arteko Hitza meheari, egun euritsuen hezetasunak ia alderik alde zeharkatzen duen Hitza argalari. Eta pentsatzen hasiko zen, sarri entzuten baitugu “estrategiko” hitza, sarri “arnasgune”.
Komunikabideak ez dira albisteak eta argazkiak bakarrik, ez dira ildo editorialak bakarrik. Komunikabideek mundu bat erakusten digute, gure buruaz daukagun irudia eraikitzen laguntzen digute. Eta urte askoan, hiriburu euskaldunena omen den honetan hizkuntza bakarrean jaso ditugu tokiko albisteak, bestea existituko ez balitz bezala. Kalean bizi dugun kultura, elikatu nahi dugun kultura azkeneko orrietan soilik agertzen zen, ertz batean, traba egingo balu bezala, gutxiago balitz bezala.
Zaldieroa kexu zen, joan ziren asteetako denboraleen txikizio handiena kostako euskal hiztunak ETB2n gazteleraz aditu beharra izan zelako. Antzeko txikizioak bizi ditugu Donostian egunero, gure hiria eta gure ingurua gazteleraz soilik mintzo diren ispiluetan ikusten dugunean. Hizkuntzak istilutzat hartzen diren herri honen ispilu ere bai baitira. Osakidetzan euskara “inposatzerik” ez dagoen herri honetan, identifikatu nahi gaituen ertzainak ulertzen ez gaituen herri honetan, kultura “unibertsala” eta “irekia” gure jatorrizko hizkuntzan ezin direla sortu sinestarazi diguten herri honetan, arnasa dira euskarazko hedabideak. Gure berri ematen digutelako, ispilu bat; eta leiho bat ere bai, hizkuntza asmatzen dutelako argitaratzen direnero, erreferenteak eskaintzen dizkigutelako.
Gure burua gazteleraren ispiluan soilik ikustera ohitu gara urteetan; barruan daramatzagu gure konplexuak, gure beldurrak, inprenta akatsen bat bagenu bezala. Eta ostiralero berriz arnasa jasotzen dugunoi ematea dagokigu: gure laguntza guztia eta gure eskerrik beroenak.