
Eta zergatik ez, baita esker banatze eta agurrak ere. Azaroan izan nintzen azkenekoz
Loretopetik txoko honetan. Lau hilabete igaro dira geroztik, eta mundu bat. Kartzelako murrua zeharkatu, eta aurrez aurre zabaltzen zaizu mundua. Izan hilabete, urtebete, hiru edo sei, preso egiten dituzunak, derrigorrean pasa beharreko trantzeak. Zeren “denbora pasatzen da, eta ez da ezer pasatzen” hori nobeletan eder asko geratzen den esamoldea da soilik. Eta niri ezinezko zait 30 urte barruan egin dituenaren azalean jartzea. Gutxitan, gutxiegitan egiten dugun ariketa da herri honetan. 30 urteak gatibu egingo dituzten lagunak, ordea, gehiegi ditugu.
Askok galdetu didate udalerrian aldaketak sumatu ote ditudan. Nik ezetz, Donostia bere horretan dagoela; Erriberak, Morlans edo San Bartolome auzuneak salbu. Donostiarrak ere, lehen begi-kolpean, beren martxan. Aldaketa nagusia alkatetzan eta Udala-auzo/herria harremanean sumatzen nuen. Antiguako Gazteleku berria, horratx aldaketa honen zantzu argia. Eta udal gobernua aldatuta, gainontzeko aldaketak derrepentean etorriko zirela uste izan zutenen aurreikuspena okerra zenaren konstatazioa.
Muelle puntatik begira soilik ezin da traineruak ziaboga norberaren erara emango duenik espero. Denok busti behar. Baina denborak aurrera egin ahala -eta hormaren bi aldeetan berdin neurtzen gaituzte denborek barrukoa geldoagoa zaigun arren-, agerikoago antzematen dira aldaketak. Edo antzeman baino gehiago, aurreikusten direla esatea hobe. Krisia deitu diogu, baina hitza bera ez da datorkigunaren neurrikoa. Posmoderniaren likidotze baumaniarrak bizi gaitu. Non zapaldu ez dugula, herentzian jaso ditugun mapek ez gaituzte inguruaren irakurketan orientatzen. Izan Donostiakoak edo zabalagoak. Galdera berriak zabaltzen dira nonahi, eta mugimenduan jartzen gaituzte.
Mugimenduan ikusi ditut askotariko lagunak, lurrazpian orain artean, kale-plazetan aurki. Laguna zait bizieraz pentsatu dezakedan edonor, eta nago azken mudantzatik desegin gabe ditudan maletak bere horretan utziko ditudala. Nahia baino gehiago, beharra, are ezinbestekoa zaigun bestelako Donostia-Euskal Herria-munduranzko bidaia luzea bezain zaila izango baita.
Ez da dena hain aldakorra, zoritxarrez. Aurkitu ditut nire bidearen atzeranzkoa egitera behartu nahi dituztenak. Hamabost dira. Donostiarrak denak. Eta sei urteko espetxe zigorraren mehatxupean bizi dira momentu honetan bertan. Hau irakurtzen duzunerako, irakurle, batek daki zein izanen den gazte horien patua. Modu errazean ohitu baikara judizialetik gutxi eta politikotik asko duten halako gehiegikeriatara. Noiz utziko diogu kartzeletara joateko bideen mapak herentzian jasotzeari? Noiz beharturiko mudantzak egiteari?