Ion Martinez: 'Gure kultura, gure ispilua'
Oteizak zihoen, euskara ez zela inoiz erabat indartuko. Zergatik? Euskara hizkuntza artistiko gisa ikusten zuen, eta gure kultura osatzen duten beste arte espresioak indartu ezean euskarak beti makal jarraituko zuela uste zuen. Ni erabat bat ados nago Oteizaren hitz hauekin. Gizarteak eguneroko euskal biziera bat edukitzen ez badu gizarteko esparru gehienetan, euskarak berdin jarraituko du, eta jakina, kulturak gure bizitzan oso eragin txikia izango du.
Nik argi ikusten dut kulturak zein garrantzia izan behar duen gure gizartean. Kulturak pertsonengan eragin bat du, eta hausnarketa eragiten du. Baina zergatik ez dugu gehiago gozatzen kulturak ematen dizkigun momentu horietaz? Zergatik ez dugu kulturan gehiago sakontzen, eta ematen dizkigun onurak gozatzen? Egia da gure kulturan dena ez dela ona, edo gustagarria, baina hori arlo guztietan gertatzen da. Probatzen joan behar da, eta asebetetzen gaituzten arte espresio horiek aurkitu behar ditugu: kontzertuak, hitzaldiak, zinea, poesia emanaldiak, museoak…
Izan ere… betikoa da! Gustatzen ez zaigun antzerki bat ikusten badugu, “rollo” bat dela esaten dugu, eta horrela katalogatzen dugu. Zer gertatzen da futbol edo pilota partidu txar bat dugunean! Partidak ikusteari uzten al diogu? Aiiiii!
Pasa den ostegunean, guzti honen testigu izan nintzen, guk bukatu dugun Ispilua antzezlanaren azken emanaldi bereziarekin. Batipat emanaldi berezia egin nahi genuen, bi urtean zehar gure antzezlana izan den obrari agur eder bat emateko. Euskal Herriko hainbat herri, antzoki, gaztetxe, auzo elkarte, talde eta eragilek deitu egin digute, eta deitu egin diegu ere, gure antzezlana egiteko. Eta aukera izan dugu 50 emanaldi egiteko.
Saioa Royok eta biok agur potolo bat egin nahi genuen, zerbait berezia egin, eta pentsatu genuen gure antzezlanaren musika zuzenean ematea. Dei batzuk egin ondoren… iritsi zen eguna. Hor eduki genituen gure ondoan: Oreka TX, Demode Quartet, Zura eta Dut-eko Xabi Strubell, DJ Kitto, Willis Drummondeko Jurgi Ekiza… Uauauau!!!!!!!
Emanaldia beraiekin zuzenean, eta momentu berean egin genuen; hau da, antzezlana egiten geunden bitartean beraiei tokatzen zitzaienean, musikariak taula gainera igo eta haien abestia jotzen zuten.
Dokara hurbildutako 130 lagunen energia positiboa, motibazioa, sentimenduak eta goxotasuna bizitzeko aukera izan genuen hor geunden guztiek; bai oholtza gainean geundenok eta baita eserlekuetan zeudenek ere.
Emanaldiaren ostean, guregana hurbildutako ia jende guztia erabat hunkituta zegoen: sentsazio eta sentimendu ugari bizi izan zituelako ordubetean, antzezlan bat ikusten musikari batzuen laguntzarekin.
Eta nik denei erantzuten nien, hau da antzerkiarekin bizi dezakezuna, orduan gozatzen jarraitu antzerkiaz eta baita beste arte espresioez ere. Kultura biziz, gure bizitza ere handitzen digulako!