Ion Martinez: 'Kulturari benetako bultzada!'
Hilaren hasieran Hamaika Telebistako Punto Info saioan, Donostiako gazteak, herri mugimendua eta kultura izan zituzten hizpide. Leire Ferrok gidatu zuen saioa, eta hiru donostiar gonbidatu zituzten. Hainbat gauzen artean Donostiako kulturari buruz hitz egin zuten, eta gogoa piztu zitzaidan, aukera izan banu, telefonoa hartu eta deitzeko.
Artikulu hau irakurri baino lehen gogoeta egin beharko genuke, eta pentsatu. Kulturak zein garrantzia du gure gizartean? Garrantzia al du? Eta ez badu, kulturak zein paper izan beharko luke? Nortasuna, aisialdia, jaiak, hizkuntza… Hori guztia gure bizitzaren parte bat baita.
Nik garbi ikusten dut gure Donostiako kultura aldatu egin dela, baina oso era mugatuan aldatu dela uste dut. Hiriko arazo kultural potoloek berdin jarraitzen dutela uste dute. Antzoki nagusietan, orain, goi mailako euskal musikari batzuk ikus ditzakegu, baita goi mailako euskal antzerki talde batzuk ere. Eta ondo ikusten dut, baina ez da gure Donosti herrian jorratu behar den kultur politika, ezta lehen erronka ere.
Askoz aberasgarriagoa da, lehendabizi , donostiarren eta baita kanpoko sormen proiektuak bultzatzea, euskarazkoei, nola ez, lehentasuna emanez noski.
Udalak askotariko arte espresioak jorratzen ditugun hainbat eta hainbat taldeen proiektuak bultzatu beharko lituzke. Eta nola eman bultzada? Gure proiektuak egin ahal izateko espazio duin bat emanez; guk, sortzaileok, lan egiteko aukera izan dezagun. Horrek bihurtuko baitu gure Donosti Herria herri kultural. Kultura horrela jorratzea delako kultura zabal eta parte hartzaile bat egiteko bidea.
Albiste on bat eman digute duela gutxi, Arteleku Parte Zaharrean jarriko dutela, eta hori oso berri ona da, baina donostiar orok aukera izan beharko luke sormen proiektuak aurrera eramateko, eta sormen proiektu horien erakusleihoa hor ere izateko.
Donostian jende asko dago arte espresio desberdinak jorratzen dituena:
Musika, antzerkia, pintura, poesia, bideo proiekzioak, eskultura… Arte espresio horiek jorratzeko, ordea, ez dago lekurik. Berez, egon badira: Kontadores, Antiguako merkatua eta Arteleku. Baina oso mugatuak dira. Beteta daudelako, eta oso ordu gutxi daudelako libre.
Auzoetan dauden areto horietan (Lugaritz, Kontadores, Gazteszena, Intxaurrondo…), ez dago aukerarik horiek ensaiatzeko moduan erabiltzeko. Zergatik? Leku duinak dira.
Eta zer esan Tabakaleraz, diru gutxirekin izugarrizko bihotz kultural bat izan zitekeena… Arte espresio desberdinen egoitza ere bihur zitekeena…
Bestalde, oso garrantzitsutzat jotzen dut katalogo moduko bat sortzea arte espresio desberdinetako taldeekin (musikari, antzerki talde, dantza talde, argazkilari, poeta, moda diseinatzaile…), hauek auzoetara eramateko aukera izateko, existitzen direla jakiteko, beste herrietatik
informazioa eskatzen badute zabaltzeko.
Herri kultura jorratzen duen herri bat, herri kultural bat izatera iritsiko da, bestela ez!