
Ez diot inori inbidia eman nahi, baina zorionez bi hilabete eta piko daramatzat Hego Amerikaz gozatzen. Alde batetik, Perun bi hilabete; eta falta zaidan beste hilabetea Bolivia eta Txile artean pasatzen ari naiz. Hitzako lagunek bidaiaz hitz egiteko eskatu zidaten, baina egunkari osoa beharko nuke mila abentura kontatzeko: Amazonasko oihana, Andeetan egindako mendi ibilaldiak, jendearekin bizitako abenturak eta solasaldiak, Chachapoyas herri ederra, Ayaguasca zeremonia, Goctako urjauzi ikusgarria, autobusean egindako bidaia luzeak, autobusa nere gauza guztiekin joan zitzaidan eguna, kaleko janaria…
Baina abenturetaz eta bizipenetaz ari garela… Donostiako jendearekin hitz egiten dudanean dena berdin dagoela diote, baina herritik at zaudenean konturatzen zara, zure herrian ere, edo Donostian bertan ere, mila abentura bizi ditzakezula udaran bereziki.
2013ko udara hau ahaztezina egiten ari zaidan arren, nere herriko mila abentura ere galdu ditut: Donostiako auzoetako jaiak, Piraten Aste nagusia, hilobekin abordaia txikira joatea, Aste Nagusia, Jazzaldia, Miramarreko ikastaroak, Uliara igoera, hainbat musika kontzertu, Tajon Prieto taldearen estreinaldia, kaleko giroa, Parte Zaharreko poteoa, estropadak, Euskal jaiak, abuztuaren 31ko herri antzerki ikusgarria eta Igeldo herriko festak.
Donostian gelditu gabe ere noski, Euskal Herria = Nafarroa ondo ezagutzeko sasoi ederra da udara, zita garrantzitsu asko eta plan ugari egin ditzakezu. Aurtengo udaran Nafarroan ( E.H.) galdu ditudalarik: Iruñeko bizardunen “performance” perfektua, San Ferminak, Bilboko jaiak, Txindokira igoera, Baztandarren Biltzarra, Lekeitioko hondartzara egun pasa, Euskal Herria Zuzenean jaialdia, Xalbadorren eguna Baigorrin, Hiru Erregeen Mahaira igoera, Xuberoara aste bukaera pasa, Araiako Antzerki jaialdia…
Hortaz, gauden lekuan gaudela, bizipen berriak bizitzea erraza dela sentitzen dut, eta ezer ez dagoenaren pentsamendua ezabatzea eskatzen dizuet. Gure herrian edo Nafarroan (E.H.) milaka aukera bait ditugu gure herria ezagutzeko, herriaz gozatzeko eta HERRIA maitatzeko. Bizi eta ezagutu dezagun gure NAFARROA!