Ion Martinez: 'Ni ez naiz Gaizka Garitano!'
A zer nolako zalaparta sortu zuen orain dela aste pare bat Gaizki Garitanok. Askorentzat balentria izango zen, batzuentzat desobedientzia, eta izango zen hari ekintza iritziko zionik ere. Nik ez dut inolaz ere bere jokabidea kritikatu nahi, ezta gutxiago ere, une horretan bertan izugarria, hunkigarria eta txalogarria iruditu zitzaidalako bere jokabidea, baina une magiko horretan utzi nuen. Eta baita ere esan behar da, horrelako momentu trantze batek bere karrerarako ezer onik behintzat ez diola ekarriko Gaizkari.
Baina egin zuenaren harira, euskal gizartearen sektore batek, (zeren beste askori ez baitzaie batere axola, esan ere ez baitute ezertxo ere esan, eta haiei buruz ez dakit nik zer idatzi) bere ekina nola handitzen duten amorratu egiten nau. Hau da, telebistan agertzen den euskaldun “famatu” batek horrelako gauza bat egin behar du, gu euskal gizartean emozionatzeko, mobiletik burua goratzeko, zer garen gogorarazteko, gure hizkuntzaz harro egoteko edo gutaz zeozer jakiteko. Bere garaian Perurenarekin bezela, gu guztiok, euskaldunak (zerbait izatekotan?) nafarrak garela argudiatzen zuen bideoa ikusi arte, jendeak, nafarrak ondoan dauden bizilagunak direla pentsatzen zuela, kontrakoa denean noski, zerbait izan bagara eta izango bagera, nafarrak izango garela.
Ez al da nahikoa, gutariko bakoitzak jakitea, gure hizkuntza europako zaharrenetarikoa dela, mendeetan zehar gure lurraldeetan egon diren dozenaka gaztakaren ondoren, oraindik gure hizkuntzak bizirauten duela jakitea, eta hitz egin dezakegula sentitzea? Ez al da aski hori jakitea?
Hau baita, niri behintzat, nire herriarengatik ileak tente jartzen dizkidan sentimendua. Mendeetan zeharreko euskaldun horiek, inongo ideologia gabekoak, baina euskal izaera erabat barneratuarekin biziz, ze jarrera izan zuten bizitzan gure sorterriko hizkuntza eta kulturaren transmisioaren lanarekin. Lan hori era naturalean eta sentimenduaz eginez, guk guzti hori, gure eguneroko bizitzan askotan gutxietsiz.
Hau da, hain zaila egiten al zaigu Donostia honetan, edozein dendatara, autobusera edo tabernara sartzen garela lehen hitza euskaraz egitea? Kristaltxoan kartela ikusi behar dugu? Zergatik ez egin? Euskaraz hitz egitea ateratzen bazaigu, barneraturik dugun lehen hizkuntza bada, euskaraz hitz egin lehen hitza, modu naturalean besterik ez!
Eta ondoren, normaltasunez euskaraz erantzungo digutela pentsaera edukiz. Beno gaur egun, ez da zoritxarrez pentsaera bat bakarrik, euskaraz erantzungo diguten ilusioa edukitzen baitugu. Donostian %16k bakarrik erabiltzen dute euskara egunero.
Hortaz, besteengan hainbeste ikusmira jarri beharrean, eta beti norbait goraipatu behar den jarreran erori gabe, barneratu ditzagun hain famatu diren burujabetza eta nortasun hitzak behingoz gutariko bakoitzak, eta sare sozialetan: “Gaizka Garitano puto amo, ke se jodan!” irakurri baino, nahiago nuke irakurri “Gaizka earki in dek! Euskaraz bizi gaitezen, ze letxe!”.Gutariko bakoitzak aunitz hizkuntza uka ditzake, Uskarak guk bakarrik gaitu (Baigorri, Nafarroaren eguna 2015)


