'Iparrorratza'
Jon Odriozola, Kazetaria
Ura. Ura. Eta ura. Uholdeak. Asteburuko aitagurea. Katiuskak, txamarrak, aterkiak… izan ziren protagonistak hezetasunaren asteburuan. Realak ere Madrilen bustita amaitu zuen; golez blai. Lau olatuk taldea irentsi zuten. Tximistaren zelaian, argindarrik gabe amaitu zuten jokalariek. Eta azken asteetako ekaitzak ikusita, txuri-urdinak tsunami moduko bat pairatzen ari dira.
Reala hondoratu egin zen Vallecasen. Aurrez aurre jo zuen izozmendia ez zen, teorian, beste mundukoa, baina, harkaitz txikiena ere burukomin bihurtzen ari da Liga hasiera honetan txuri-urdinentzat. Alarma gorriak piztu dira. Reala sailkapenean azkena da eta Athleticen aurkako dematik, burua altxa ezinik dabil. Norabide jakinik gabe ikusten da taldea. Ah, eta lemazainaren lepoa eskatzen hasi dira jada batzuk…
Reala, igandea arte, amildegian zegoan. Orain, ordea, putzu-putzuan dago. Itsasertza oso urrun ez badu ere, hau da, lehorretik gertu egon arren, zuloan egonik, hurbiltzea, ez da hain erraza izaten. Larritasunak, estutasunak, antsietateak… zeresana izan lezakete etorkizunean. Ez dira talde gutxi izan, zulora erori, eta talde ona izanik ere, atera ezinik ibili direnak. Eskerrak Ligako gainontzeko talde gehienek berdindu egin zutela, bestela, Realaren kaltetan, sailkapenean aldea handiagoa izango litzateke. Ez dira gutxi, aurtengo Ligan, Reala baino talde kaskarragoak –lauzpabost– daudela diotenak. Agian arrazoi izango dute, baina hori zelaian erakutsi behar da, eta momentuz…
Azaroaren 20an, eguerdiko hamabietan, bi hautagaik indarrak neurtuko dituzte: Espanyolek eta Realak. Bi ibilbideak ikusita, kataluniarrak dira faborito, baina parte hartuko duten 22 boto-emaileek –errolda 28ra handitu daiteke, entrenatzaileek nahi izanez gero– bi taldeen geroa nahiko argituko dute. Realarena batik bat.
Galduz gero, liderraren etorkizuna oso kolokan egon baitaiteke. Zaleak arrunt gerturik jarraituko dute azken emaitza: jokoan asko dagoen seinale.