I(ra)kasten
Astelehena, maiatzak 18. Institutuan, eskolan geundeke baldin eta hezkuntza sailaren erabaki «irmo» hori, benetan irmo balitz. Baina ez. Ez da posible izan, Cristina. Baldintzak ez daude zure alde, langile eta ikasleak ez dauden bezala. Benetan guk entzun eta bizi izan ditugun errealitateak bizi eta entzun dituzula zuk ere? Benetan? Ikastetxeetako egunerokotasunak, dinamikak, espazio fisiko eta pertsonalak zeintzuk diren ba al dakizu? Barkatuko diguzu atrebentzia, baina ezezkoan gaude. Aldebakarreko erabakiek hori dute; errealitate guztiak ez direla kontuan hartzen, eta erraza da halako erabakiak hartzea kontagiatzeko arrisku gutxi duzun bulego hartatik.
Estresa, etsipena, nekea, eta gurekin jolasten ari diren sentsazioa dugu i(ra)kasleok. Gaur hau, eta bihar bestea, eta etzi nork daki, beharbada, berriz ere hau. Egun batetik bestera moldatu behar izan dugu egoera berrira: IKT-ak, bideo deiak, eta ebaluazio irizpide zein programazioen moldatzea, kontrol orriak eta burokrazia zorrotza. Lan/ikas orduak ere ez dira ohiko ordutegietara moldatu, eta pantailaren aurrean pasa izan ditugu ohikoan baino ordu gehiago, asteburu batzuk ere desagertzeraino.
Eta hala ere, entzun behar izan ditugunak; irakasleok ez omen dugu lanik egin, eta eskoletara ez bueltatzearen arrazoia nagia omen. «Si no quieren retomar las clases, tendrán que explicar por qué»-ka hasi zaizkigu, lotsik gabe eta gazteleraz, tutik ere ulertzen ez dutela argi utziz. Horri erantzuten ez gara hasiko, titularrak irakurtzea besterik ez baitute arriskuaz jabetzeko. Baina jaun andreok, ireki begiak eta apaldu botere gosea, mesedez; presak ez dira onak.
Egunean egunekoa bizitzen ikasi dugun honetan, ikasitakoa desikasten ere ikasi dugu; izan ere, egun batekoak ez du hurrengorako balio, eta Anariren kanta batek dioen bezala, denborak dena gezurra dela dio. Maiatzaren 18ko klase presentzialak derrigorrezkoak omen ziren, 25era atzeratu dituzte gero, eta erabakia eskoletako zuzendaritza eta familien kargu uztera ere iritsi dira. Jaun andreok, Cristina, i(ra)kasleoi erakutsi diguten moduan, ezer esan/erabaki aurretik bi aldiz pentsatu, kontsultatu edo galdetu. Honetan ere, presak ez dira onak. Eta, mesedez, zuen leloak dioen moduan, izan «pertsona helburu»; lan egin, kontsumitu eta bozkatzeko bakarrik nahi bagaituzue ere, beharrezkoak gara. Ikasi hori, ezer irakatsi aurretik.
Amorrutik idatzi dut hilabete honetakoa, maiatzaren 18an, astelehenez. Beharbada bihar bestela idatziko nuke, goikoen erabakien gisan aldatzen ari baitzaizkigu sentipen eta emozioak. Ekilibrista emozionalak gara, (k)alanbreen gainean.