Irati Urkiola: 'Bizitza, oraina'
Aurrerapenen mendea ei da XXI. hau, baina aspaldi hasi omen genuen aurrerako bidea; aspaldi hasi, mundu hobe bat eraikitzearen helburuarekin, geure bizitzetan eta geure munduan aldaketak sartzen. Eta hala eman ditugu urteak eta bizitza osoak: etengabe “hobekuntzak” ezagutuz.
Baina lilurarik ez! Aurrera goazelakoan, atzera eman ditugu hamaika bat pauso. Bizitza hobe baten bilaketan, aspaldi hartu genuen bide okerra. Aspaldi hasi ginen korronteari jarraika itsu, mutu eta gor, etorkizun “hobe” bat eraikitzeko bidean. Eta hala, zenbat begirada atzoari, biharrari, eta zein gutxi orainari, hemengoari. Gauzak hala, borroka sozialen astea den honetan, gera gaitezen hemen eta orain, eta ongi etorriak izan daitezela era guztietako kalanbre eta ziztadak; borroka sozial eta intimoak. Ongi etorriak denak, unean unekoaz ohartarazten gaituzten bitartean.
Baina tronpatzerik ez! Turismoari begira jarri nahi gaituzten honetan, has dezagun geure bidaia Egia auzotik, eta ohartu, 6 egunean lortu dituztela 1.000 sinadura Blas de Otero plazako kantxak ken ez ditzaten; lortu dituztela 1.000 sinadura (umeen) bizitza handiena dela aldarrikatuz; lortu 1.000 sinadura bizitza “hobe” bat eraiki nahi duten horien asmoen kontra; lortu 1.000 sinadura aurrerapena aspalditik datorrela ohartarazteko; pantailak itzali eta umeek kalea bizi behar dutela aldarrikatzeko.
Eta garaipen txiki handi hori ospatzekoa bada ere, kontsolatzerik ez! Baditugu beste borroka batzuk zain. Hala, Donostia zulatu gabe, ditugun baliabideak aprobetxatuz, bidaia dezagun hiri erdigunera eta gera gaitezen Idiakez kaleko 6. zenbakian. Larunbata ezkero, hainbat borroka bateratu, eta herritarron kapitala eraikitzeko bidea hartu dute hainbat eragile eta norbanakok. Orain eta hemen. Aurrerapena etorkizunean baino, oraina konpontzean datzala argi utziz.
Eta ondoren, zer? Bada, sortuko dira berriak. Baina bitartean, jarrai dezagun oinak lurrean ditugula geure ezinegon eta borroketan barna bidaiatzen, egunerokotasuna guk geuk eraikitzen, eta geure gainetik izarrak bakarrik daudela sinisten. Bizitza baita oraina. Bizitzea, handiena.