Irati Urkiola: 'Gu ebakitzeko erak'
Hamaikagarren zirriborroa edo izango da papererako bidea hartu duen zutabe hau. Hitzak jostea erraza bai, baina azken emaitza ahalik eta borobilena izateko, zenbat erdi borobil galdu ote diren bidean… Eta azkenerako, borobila zer den ere jakin gabe. Barka, beraz, zutabearen hariak ez badu bide zuzenik. Hitzok papereratzeko erabakia hartuta, hitzok e(ra)baki naute oraingoan.
Eta hauxe oraingo ziztada: Erabakia. Erabat izan gabe, baina, maiz, ebakiak: zalantzez josiak, zalantzek hautsiak, zalantzek sortuak. Horiek izan beharko lirateke «erabaki» hitzaren etimologia eta definizioak. Badutelako zalantza atzetik, eta badutelako ebakia barruan.
Hala izanagatik ere, ematen dugu askotan pausua; egiten dugu zalantzez beteriko hautua eta hartzen dugu ebaki gaitzakeen erabakia. Gutxi pentsatuaz batzuetan, eta gehiegi bestetan.
Eta hala, erabatekoa ez den ebaki-dantza honetan, denok dugu zer e(ra)baki. Atzo gauean hartutako erabakiari jarraitu dio gaur goizekoak, jarraituko dio gerokoak, eta sortuko dira berriak. Horietako asko hutsalak izango zaizkigu: bat edo beste hautatu, ondorioak, antzekoak. Baina badira geure bizitza erabat aldatzen duten erabakiak ere. Eta hor malko eta irriak, ezinegon eta desirak.
Aste bat izango da lagun batek bere burua halako egoera batean topatu zuela. Eta, aitortzen dut, hartu beharreko erabaki horren azkura sentitu nuen nik ere. Baina Anarik esango lukeen eran, eskerrak ahulak garen.
Eskerrak ahulak izan eta bizitzan aldaketa suposatuko duen erabaki bat hartzerako orduan behintzat, jartzen garen gugan pentsatzen; jartzen garen gugan pentsatzen eta sentitzen dugun egunerokotasunean egiten ditugun gauzen xarma, sentitzen dugun gu-a sortu dutenen lana, sentitu gure lanak egin duela gure izana.
Ahul izateko momentu horietan baina, indartu gaitezen: jar gaitezen atzera begira, eta ohartu, garai batean hartutako e(ra)bakiak bultza gintuela aurrera; ekarri garen honetara. Izan ere, zer da ba bizitza, e(ra)bakia ez bada?
Lagunarenera bueltatuz, aitortzen dut erabaki beharraren berri eman zidanean zer esan jakin gabe gelditu nintzela. Orain hitzez marraztutako erantzun hau, isiltasun lasaia izan zen bere garaian. Hala ere, neure ahotik zer entzuteko prest zegoenik ere ez nuke esango; halakoetan, nahikoa hots ateratzen digu barruan daramagun epaile marmartiak.
Gaurkoan baina, orduan isildutakoari hitza jarriz, zera esan nahi nioke lagun horri: «Jarrai ezazu Hitzak e(ra)baki handirik gabe josten, Hitzak zu josi zaituen eran. Hitzez ebakitzen dugu, baina Hitzak eraiki zaitu. E(ra)baki, M».