Urriko errautsetatik ihes egin nahian, hotzak hankak bizkortuta, edo abenduan etorriko zaizkigun polboroiei leku egiteko asmoz, pauso arinez hasi dugu hamaikagarren hilabetea. Horretarako ere aukera eman digu igandean egindako 53. Behobia-Donostia lasterketak. Maiak, xira eta zapatilak ondo loturik ekin genion ibilbidea osatzen duten 20 kilometroei, ekin urteko erronkari; helburu txiki handiari.
Behobia, lasterketa bat baino gehiago, festa bat dela sarritan entzun izan dugu; giroak eta animoen beroak aldapak leundu eta 20 kilometro 20.000 metro baino gutxiago bihurtzen dituztela. Hori omen da urtero 30.000tik gora korrikalari biltzeko aitzakia; hori omen, herri lasterketetan ibiltzen direnen gustukoena. Eta ez da harritzekoa; aurten lehenengoz parte hartu dugunotatik, ziur, herenak baino gehiagok errepikatuko dugula datorren urtean. Baina, ez nator hona publizitatea egitera. Ezta norberaren lorpen txikiei tarte egitera ere.
Runner izatea modan dagoela kontatzea ere, soberan. Eguna argitu berritan, edo eguzkia sartzear dagoela, kalera ateratzea besterik ez dago: kolapsoak bidegorrietan, ibai ertzean eta Pasealeku Berrian. Lasterketa eguna iristear dela, gainera, kolapsoez gain, kirol marken moda desfilea. Adidas eta Nike-k babesturiko emanaldia.
In-dependentziaz aritu zitzaigun Izarne pasa den astean, eta hari berari egingo diot tira nik ere. Askok esaten dugu aske sentitzeko, errutinaz eta munduaz deskonektatzeko egiten dugula korrika. Dependentzia guztietatik askatu, eta saioak iraun bitartean independente sentitzeko, finean. Baina zizt. Beharbada berandu, baina hasi zaizkit hanketan kalanbreak. 20 kilometrok askorako eman, eta tartean, zutabe hau bera idazten hasi nintzen igandean neure barrenean.
Izan ere, loturetatik aske, independente, sentitzen omen garen une horietan ere, ez al gara –ez al gaude–nolabait, zerbaiten menpeko? Barruan dugun epailearekiko dependente, geure buruei jarritako helburuekiko, sentimenduekiko… Bada, pasa den igandeko kirol festan ere, ez zegoen 60.000tik gora hanka aske. Nork bere buruari jarritako erronkan, garbia zen markekiko zegoen dependentzia: markak hausteko beharra, (kirol) markak erakustekoa, eta tartean, baita unea markaturik uzteko –klik!– dependentzia sentitzen zutenak ere. Bai, lasterketetan ere bai: hankei eragitearen nahikoa ez, eta eskuak ere okupaturik zebilzkien askok: ditxosozko selfieak, makil eta guzti, “ez dezatela esan egin ez dudanik”. Unea bideoz/argazkiz grabatzearekin nahikoa ez, eta idazteari ere ekin zion batek baino gehiagok helmugan zain zutenari iristeko zenbat falta zuen azaltzeko, edo.
Gozatua igandekoa. Baina baita lotsatua ere. Geure lorpen edo helburuak urrutira eramaten ari baino, ez ari ote garen menpekotasuna muturreraino eramaten ari. Ez ote ari garen inoiz baino dependenteago izatera iristen ari.