Irati Urkiola: 'Zulatzeko'
Abenduan urtarrilarekin adina amesten dugu udan irailarekin. Adina, edo gehiago. Askorentzat urteko goranzko aldapa bederatzigarren hilean hasten da, eta ez lehenengoan. Gainera, ez al dira askorentzat urte berriko asmoak baino garrantzitsuagoak ikasturte hasierakoak? Beharbada horregatik eskaini zaizkio urteko bederatzigarren honi hainbeste iritzi-zutabe, iragarki, abesti eta bertso; beharbada horregatik begiratuko genion, oporretan, egutegiaren bederatzigarren orriari. Horiek denak zenbatuz, batzuontzat, urteko 12 hilabetetatik, hiruzpalau izango dira iraila.
Aurtengo irailak, gainera, ekarri dizkigu itsasoan hasi eta gaztetxeetan jarraitzen duten borroka berriak. Eta 14 egun besterik joan ez bazaizkio ere, egunek eman digute zer esan, zer pentsatu eta zer sentitu: Txantxarreka gaztetxeko harrera goxoa, alde zaharreko gaztetxe berria, azken urteotan Jaizkibel konpainiak jasan duen desfilerik gogorrena eta, azkenean, 2018.nean, Kontxako bandera “parekideagoa”. Hamalau egunetan digeritzeko zeresan handiko albiste gehiegi. Hamalau egunetan, sentsazio gehiegi.
Emozio saltsa honek badu apur bat gozotik, baina batez ere, badu garratzetik, mikatzetik. 2018. urtera arte itxaron behar izan dugu Kontxako irabazleak berdin sarituak izateko; emakumeek lehen aldiz parte hartu zutenetik, hamar urtera. Eta berri honek ospatzekoa izan beharko ez lukeen arren, hartua dugu txanpa. Zorion musu erraldoiak, beraz, itsasoa (l)arrosez bete duten emakume arraunlariei. Jarrai dezazuela itsaso zakarrenei aurre hartzen.
Baina gozoak ere badakarrenez garratza, plastiko beltzez estali nahi izan digute iraila. Hondarribiako alardean, aspaldiko desfile gogorrena bizi izan zuen Jaizkibel konpainiak: txistuak, irainak eta plastikoak. Eta hangoa izan gabe ere, gure sentitzen dugu mina eta borroka. Urtero hasi nahi dute hutsetik batzuek, eta tradizionala bilakatu gorrotoa besteek. Bitartean instituzioak, plastikoetan itota, adierazpenik ez.
Borroka itsasoan, borroka kaleetan, eta borroka gaztetxeetan. Gurera iritsitako migratzaile batzuek, lortu dute aterpea antiguotarrek borrokaz, lorturiko gaztetxean; alde zaharreko bizilagunek, eurena egin dute urte luzez itxitako eraikina. Hala joan dira iraileko lehen hamalauak, aldapan gora, borrokan, baina asmo berriei ekin nahiez.
Hotzikarak, eta ziztadak. Oraingo honetan, baina, ziztadarik handiena, ondorengoa: esateko, salatzeko edo zoriontzeko hamaika gauza izan, eta azkenean, bat bera ere ondo egin ez izanaren sentsazioa. Balio dezatela hitzok, behintzat, zulatzeko plastiko beltz, harresi, eta mugak.