Iritsi dira, azkenean
Asko gustatzen zaizkit Gabonak. Nire sinesmen guztien aurka doan zerbait da, baina izugarri gustatzen zaizkit. Tenperatura jaisten hasi ahala urduritzen hasten naiz eta dekorazio, argi, film eta kantek txunditu egiten naute. Horrenbestekoa da nire Gabonekiko maitasuna, urtean behin ospatzearekin nahikoa ez, eta abuztu aldera bigarren Gabonak ospatzeko aukera planteatu diedala maiz gertukoei. Arrazionala ez den zerbait da.
Amarekin konpartitzen dudan maitasuna da; urrian hasten da bera Eguberri eguneko menua pentsatzen eta azaro hasierarako prest ditu opari guztiak. Odolean daramat, beraz. Eta genetikoa dirudien kontu honek inongo zentzurik ez duten gauzak egitera narama: gaztainak gustatu ez arren ilusioa egiten dit kalean saltzailea topatu eta sorta bat erosteak, eta oparirik espero ez badugu ere, zapata jartzen diogu Olentzerori. Eta ez, ez dugu aitzakiarik: etxeko «txikiak» 19 urte ditu.
Badira urte batzuk nire Gabonen baliokidea topatu dudala. Topatu baino gehiago, urte hauetan guztietan zehar nire begien aurrean zegoela ohartu naizela: Zinemaldia. Zinemaldia da nire bigarren Gabonak. Hilabeteak igarotzen ditut zein film etorriko diren jakin nahian, Kursaal pareko publizitate panelak jartzen hasten direnean urduritu egiten naiz, eta gehienek gorroto bizia dioten akreditazioa daraman jendea ikusteak ilusioa egiten dit. Arrazionala ez den zerbait da.
Abuztuan bigarren Gabonak ospatzea guztiz baztertu ez dudan arren, urtero dekorazio, argi, film eta kantaz beteriko egunak bi aldiz ospatzeko aukera dudala jakiteak poztu egiten nau, eta proiekzio bakoitzaren aurretik argiak itzaltzen direnean haurra nintzeneko ilusio bera mantentzen jarraitzen dut, «iritsi dira, azkenean» pentsatuz.