Irutxulok hamaika zulo
Irutxulo hitza entzun edo irakurtzean oroitzapen asko pizten zaizkit buruan, baina dudan lehena, zalantzarik gabe, hau da: gurasoen etxeko salako mahaitxoan Irutxulo aldizkari zaharraren aleak sakabanatuta, Oskorriren letrak biltzen zituen kantu liburuxkaren batekin batera. Amak euskaltegitik etxera ekartzen zituen bi must ziren. Etxeko dekorazioan integratuta zeuden elementuak izateaz gain, kontu potolo baterako sarrera ere baziren: Irutxulo aldizkaria eta Oskorriren kantak izan ziren amarentzat euskararekiko hari bat, bide bat, sarrera bat. Gustatzen zait gogoratzea nola nahasten ziren aitak abesten zizkigun Caballo prieto azabache eta La de la mochila azul-ak, amak ezin hobeto intonatzen zituen Axun, kla, kla eta Furra, furra horiekin. Akaso, hortik dator lagun arteko bazkaloste eternaletan deskantsurik gabe abesteko datorkidan zaletasuna.
Gogoratzen ez dudan norbaitek, gogoratzen ez dudan uneren batean kontatu zidan Donostiari Irutxulo deitzen ziotela aspaldi, itsasoko aldetik begiratuta dituen hiru zulo edo sarrerei erreferentzia eginez. Merina Grisekoentzat zuloa irteera izan daiteke, baina nik elementu horren bi noranzkotasuna baliatuko dut, eta sarrera gisa begiratuko diet. Irutxulo aldizkaria amarentzat hizkuntzarako sarbide bat izan zen, gure mendien eta irlaren arteko zuloak itsasotik zetozen barkuentzat hirirako sarrera izan ziren moduan. Niretzat ere, donostiarra izan arren, ezagutzen ez nuen hiri baten atea ireki zidan IRUTXULOKO HITZAk; orain, ezin dut imajinatu Donostia horrela ez bada.
«Ezagutzen ez nuen hiri baten atea ireki zidan IRUTXULOKO HITZAK; orain, ezin dut imajinatu Donostia horrela ez bada»
Ezin dut imajinatu beso zabalik hartu nauen Egia osteguneroko enkartelada, Egia Bizirikekoen pertseberantzia edo Ongi Etorri Eskolarako kideen gogo nekaezina gabe. Ezin dut imajinatu sehaska lana egin didan Aiete Euskara Batzordeak auzoan landatu duen hazi esperantzagarria gabe. Ezin dut imajinatu gure hiria espekulatzaileen aurrean aurpegia eman (eta gorputzak jarri), eta etxebizitza eskubidea tinko defendatzen duten horiek gabe. Ezin dut imajinatu erailketa matxista bat dagoen aldiro, euri zein kazkabarpean ere, kalera ateratzen den mugimendurik gabe. Ezin dut imajinatu erresistentzia transfeministarik eta ipurtzulorik gabe. Ezin dut imajinatu Donostia, horren guztiaren berri ematen duen IRUTXULOKO HITZA gabe.
Ale berezi honetan utzi didaten txokotxo hau erabiliko dut IRUTXULOKO HITZAri eta bera egiten duen komunitate osoari eskerrak emateko: euskararen haria heldu nahi dutenentzat abiapuntu bat izateagatik; denontzat bizigarria, transfeminista, solidarioa, antifaxista eta beste ehunka -ista eta adjektibo indartsu dituen hiriaren bozgorailu izateagatik; ‘garrantzitsua zer den’ erabakitzen duten hedabideen itzalean euskarazko, kalitatezko eta gertuko kazetaritza egiteagatik eta, azkenik, eguneroko lan txiki baina ezinbestekoetan eta emozioz betetako zierre amaigabeetan nekaezintasunez, maitasunez eta adorez sendo eusteagatik —Nerea, Esti, Eneritz, Inaxio, Beñat, Iñaki, Pello, Josean, Isidro… zerrendak luzeegi joko luke denak sartuko banitu—. Eskerrik asko, IRUTXULOKO HITZA. Beste hogei baietz!