'Isil-isilik...'
Isil-isilik, kaia barrenian, ba omen zen behin ontzi txuri polit bat, uraren gainian. Txuri, gorri, berde, hori… bat ez, ontzi asko izan gara Kontxako badian asteazken eta ostegunean. Sailkatzeko ia aukerarik gabeak, esperantza handikoak, edo presioa etsai zutenak, baina guztiak hutsik egin nahi ez genuenak, tostako arraunaren erakusleihorik ikusgarrienean.
Arrantzaliak goizeko ordubietan esnatzen zirela dio abestiak; arraunlariak, hain goiz ez, baina geure lan eta ikasketekin uztartuz, hamaika hilabetez kasik egunero joaten gara entrenatzera: neguko igande euritsuak eta inguruko guztiak oporrez gozatzen ari diren udako hilabeteak barne.
Orain, arrauna hizpide den egunotan, denboraldi bukaera iritsi da arraunlariontzat, eta zuk lerro hauek irakurtzerako, nire azken arraunkadak emanak izango ditut. Pasatu ditut kostaldeko hainbat txoko aurten ere, eta traineru barrutik bizi izan ditudan azkenak izango direla pentsatuz, negarra irtetzen zait begi bietatik.
«Denboraldi bukaera iritsi da arraunlariontzat, eta zuk lerro hauek irakurtzerako, nire azken arraunkadak emanak izango ditut»
Testua idazten ari naizela, ohartu naiz hamargarren traineru denboraldia osatu berri dudala, eta nire izena ez dela lorpen handiak egin dituzten horien ondoan idatzia egongo. Edonola, zortedun sentitzen naiz. Zortedun, euskal tradizio handi baten parte izan naizelako; zortedun, anaiarekin astindu nuelako Hernaniko traineruaren lehen bandera; zortedun, lagun minak eman dizkidalako kirol honek; zortedun, ondoan dudan bikotekidea ere olatuek ekarri didatelako; eta zortedun, azken estropadetan iloba izan dudalako ondoan arraunean. Eta neure buruaz harro, zergatik ez, emakumeen kirol munduaren parte izan naizelako; haserreak eta tristurak gaindituz, aurrera egin dudalako, eta emakume loiolatar arraunlaria izan naizelako.
Eskerrik asko momenturen batean bidelagun izan zaituztedanei, eskerrik asko klubetan eta etxean itzalpean lan egiten duzuen guztiei, eta eskerrik asko Irutxuloko lagunei, agurra emateko aukera emateagatik.
Zergatik, zergatik, zergatik, zergatik? Zergatik negar egin? Donostian parranda dago, Parte Zahar aldetik.