Isuna: izebergaren punta
Egutegiak bi orri eraman dituenean, izerdi usaina dario ilunabarrari. Eskaileretan behera egin dut, eskolako haurrek jolasgaraira nola. Arratsaldean atondu ditut patinak, gurpilak zaintzea komeni da noizean behin.
Jendez gainezka dago Kursaala. Zenbat aspaldiko. Oso maite dudan pertsona bat agertu da patinetan. 60 egun dira bera ikusi gabe? Ohitura dugu inoiz elkarrekin patinatzekoa. Bide bera egin ohi dugu. Gaur zergatik ezin gara norantza berean joan? Tartean pasatu dira lagun zein ezagun. Besarkadak zirenak bihurtu dira urrutiko agur.
Eta korrika ari den laguna. Zer gertatzen da gaur? Denok batera atera al gara? Hori baino galdera erretorikoagorik. Bidegorri ingurua jendez lepo: selfilariak, kirolariak, itxuranteak, amoranteak eta lagunak. Maldan gorako atsedena behar dute birikek Ondarretan. Lau patin eta bi zapatila metroko distantzian itsasoari so. Ez da minutua pasatu geldirik nagoela. Kotxe bat gelditu da errepidean. Ertzainak dira. Atera dira bi. Sentitzen ditut guregana: aukeratu gaituzte.
Gazteleraz ekin digute. Oldartuta daude? Zergatik? Ea zer ari garen. Arnasten izan da erantzuna. Akabo, fandangoa. Orain bai oldartu direla. Gazteleraz jarraitu dute: ea ez al genuen legea ezagutzen, 386/2020 Dekretua. Jendea saldoka inguruan pasian: taldeka, bikoteka baita batzuk bakarka ere. Euskaraz erantzuna, ahotsak inoiz egin digu dardara. Poliziaren parean bi lagun taldek topo egin dute elkar. Ertzainek atsegin handiz eskatu diete jarrai zezaten bidean aurrera, legeak ez zituela topaketak baimentzen. Guri, ordea, mendeku gosez eskatu digute naziotasun agiria: “¿Tenéis el DNI?”. Isuna dario ilunabarrari.
Joan omen gaitezke. Ez al diguzue ezer gehiago azaldu behar? Eta orain zer? Esan digute isuna izan dezakegula. Isunaren zioa omen ez garela aldendu haiek gerturatu direnean. Nola aldenduko gara kotxea errepidean gelditu baduzue? Kotxetik atera, guregana etorri eta oldartu bazarete? Arratsaldeko lehen isuna omen gurea. Ez haiek nahi dutelako, jakina, guk nahi izan dugulako baizik. Gaizki hitz egin izana leporatu digute. Ez dugu ahotsik altxatu, gorpuzkera ahalik eta lasaiena izaten saiatu gara. Horren ostean ez dakigu esandakoak ulertu dizkiguten ere, agian, hizkuntzaren hautuak badu garrantziarik.
Organo zehatzaileari bidaliko diotela informea eta haiek jakinaraziko digutela dena delakoa. Gomendatu digu etxera jakinarazpena iristen zaigunean erreklamazioa idazteko, esanez arnasten ari ginela. 386/2020 Dekretuaren izenean barrea nabari zaio, plazera, boterea, gizon armatuaren botere hutsala. Autokritika egin beharko genukeela esan digu euskaraz oraindik entzun ez diodan ertzainak. Zorte txarra dugula gaineratu du ostean. Agian polizia horrek sinetsiko du zoriak sortu duela egoera hori: bi gizon eta arma ugari; lau patin, bi zapatila eta hiru alu euskaldun.
Mundu berriaz ari garen honetan Donostia berrian ikusi dut aspaldi ikusi gabeko Donostia zaharra: poliziaren norgehiagoka. Gure esku dago berritasuna: Euskadiko kate zaharrek lotua ala Euskal Herriak eraikia izango den.