
Azkenaldian, herria biziarazteko dugun grina sentitu dut. Badirela egon guretzat kezkagai diren gai ñimiño baina ezinbestekoak. Aitortu beharra dut, ez duela hainbeste lozorroan ginela sentitzen nuela. Nire gazte sasoiko memoriaren begietatik begiratzen nuen akaso. Konparatzea ez dela ona, hori esaten zidaten. Baina bada haize berri bat, norberak gorderik zituen ilusio eta ametsak aurrera ateratzeko gogoak piztu dituena. Sare sozialetan, bide alternatiboak eraiki dituzten proiektu ugari deskubritu dut. Horien arteko batzuek aldarria eta haserrea adierazten dute, zama sozial eta politikoak askatzeko eginak-edo. Besteak, kulturaren hainbat adar elikatzeko sortuak. Norberaren behar pertsonalak asetzeko jaioak, agian, baina munduari gure gaitasunak erakusteko balio dutenak.
Herri honetan sortzen eta gure ideiak elkarbanatzen trebatuak gaudela erakutsi dugu behin eta berriz. Komunikatzeko beharra dugula. Hitzezkoa ez bada ere. Eta konpartitzeko premia. Zenbat ideia autoekoiztuak, autogestionatuak, norberak kudeatuak… Krisiak lepotik helduta gaituen aro honetan ez da erraza norberaren sosak halako proiektuetan xahutzea. Baina garai ilunetan altxatzeko eta sortzeko gai garela erakusten dugu. Eta poza hartzen dut oraindik ere bestelako bideetan haztaka dabilenik badela ikustean. Itxaropen zirrikituak egon badaudela sentitzen dut. Ez gaudela geldirik. Eta errepresioaren ondoriozko sumisioa gainditzeko gai bagarela sentitzen dudanean, birikak puztu egiten zaizkit. Barne lasaitasunez, agian harrotasunez.
Aro digitala etxetik mundura ateratzeko leiho bihurtu zaigu. Erakusleiho huts izan gabe, elkarri eragiteko aukera ere eskaintzen du. Eta beharbada, gure baitan bizi den sortzaile koldar beldurtia ateratzeko ausardia eman. Komunikazio digitalak duen hoztasuna epeltzeko ahaleginak ugari. Eta horri eusten trebeak. Garaian garaikoari lotzen eta egokitzen badakigula erakusten dugu. Gure neurri eta abiaduran.
Ez dakit, ostera, ez ote garen batean murgildu garenean bestearekin ahaztu. Barnean izan ginenaren arrastoek gurekin bidaiatzen duten arren, ez ote garen azkarregi egokitu. Aro digitalaren anonimotasunean ezkutatu ote dugun ausardia. Ez dakit baina, kalean sumatu dut akaso proiektu horien gehienen ausentzia. Pantailetatik haratago, kale huts. Hartzaileekin komunikazio estuagoa, beroagoa ahalbidetuko dituzten espazioetan huts. Interakzio soziala, inplikazioa ekarriko dituen espazioak bete behar. Busti. Kokatu. Ausartu. Gure hitza eta iritziak adierazi, eta geu askatu. Buruz buru. Inork kontra egingo digunaren beldurrarekin, eta gure baitan bizirik dagoen sortzaile ausartaren izaerari eutsiz. Eta ez, ez gaude geldirik. Badu herri honek bizirik irauteko grina, hala sentitu dut nik, azkenaldian. Baina nor bere etxeko aulki erosoenetik.