Itsaso Gutierrez: 'Durango, guztiontzat geltoki?'
Durangoko disko eta liburu azokak 47 urte daramatza gure artean. 1965.ean sortu zen, Frankismo betean, garaian zeuden disko eta euskal liburuak kaleratzeko aldarriaz. Bizirik dira urteen gorabeheran. Kulturaren aniztasunaren leiho txiki bat, Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea duena helburu. Hala aurkezten zaigu egun, behintzat. Eta egia da. Ez da azoka soil bat. Euskaldunon eta kulturazaleon topaketa gunea bihurtu da. Eta eskaintza oso aberatsa eta zabala du, entretenimendu gisa.
Baina espazioa bera, euskal produktuen salerosketa hutsean ez ote den bilakatu dut kezka-gai. Bestelako beharren batek bultzaturik ez ote dugun guk geuk topaketa gune gisa erabili, guk geuk ere ez ote dugun gurpila elikatu. Eta zalantzak pizten zaizkit. Zergatik ote hain zita garrantzitsu; askorentzat, ezinbesteko parada. Nork argitzen ditu urtean zehar dauden beste hainbeste azoka alternatibo, ekintza kultural edo bestelako eremutan egiten diren eztabaida guneak.
Auto-ekoizpenak, edozein alorretan, borondatezko lan pertsonal ikaragarria eskatzen du. Hanka sartzeez eta ingurukoen etengabeko gomendioez birmoldatzen duzun prozesuan murgiltzean datza. Beti afizio baten izenpean. Baina profesional baten ardurapean. Disko bat kaleratu aurreko lanak gogorrak dira. Ez soilik musikari dagokion arloan, hori zatirik gozagarriena baita. Diskoa grabatu eta fabrikak kopiak etxeratzen dizkizunetik jendartera kaleratzen duzun arteko zubi horretaz ari naiz. Nekeza da. Eskaintza oso anitza izanik zure musika, aldarria, lana, eta ilusioa konpartitzea duzunean erronka. Gogorra da, zure musika helaraztea, zabaltzea, erakustea soilik duzunean helburu. Lan hori gure gain hartzeko asmoa dugunok ez dugu leku askorik Durango bezalako azoka batean.
Guk geuk, euskarazko produktu bat eskainita ere. Kultur eragile txikiena izanda ere. Talde ezezagunek ezin dugu geure ekarpena ezagutzera eman, geure burua beste baten izenpean maileguan uzten ez badugu behintzat. Hainbeste euskal musika talde hain entzule kopuru eskasarentzat. Hori ote gakoa? Norberak norberaren kontzientziarekin egin beharko du dantza. Soberan dakigu, garai digitala sartu zitzaigunetik, diskoetxeen egoera oso larria dela eta musika debalde bereganatzeko joera ukaezina dela. Horregatik are kezkagarriagoa da, Durangoko Azokan gure lana auto-ekoizteko apustua egiten dugunok, musikaren gunean lekurik ez izatea. Horregatik, honek guztiak hausnarketa bat behar du. Egoera berri honi elkarri lagunduz nola aurre egin aztertu. Aro berrietara egokitu.
Sormen handiko herria garela erakutsi dugu. Baina merkatuak ezin du sortzen den guztia beregain hartu. Are gutxiago stand bakoitzaren trukean galera ekonomikoak ziurtaturik dituzunean. Kultura guztiona eta guztiontzat. Hala beharko luke. Elkarreraginean eraikitzen den esparrua. Horregatik da garrantzitsua baldintzak eta beharrak aztertzea. Azokaren barruan eta kanpoan gelditzen direnen egoeraz mintzatzea. Euskaldun eta kulturazaleon topagunetzat ulertzen badugu. Kultura eraikitzaile baten aldarrian, eremu ez hain konbentzionalak eta produktu ez hain komertzialak egon badaudela ulertzea. Eta bilatzea. Aurkitzea. Kulturak herriari nortasuna ematen diola ulertzen dugunontzat. Kultur eragile txikienek ere lekua izan dezaten.