'Egunero bezala...'
Itsaso Gutierrez, musikaria afizioz, hezitzailea ofizioz
Berandu egingo zaigu, jantzi azkar. Erantzi kuleroak. Eskuineko hanka altxatu. Ez, hori ez, eskuinekoa. Maitane ikastolara eraman behar dugu. Berandutuko zaigu. Galtzak jarri al dituzu? Ba(da) orain kamiseta, eta jertsea. Gorria utzi dizut ohe gainean, zuk hain gogoko duzuna. Ez hasi marmarka. Atzekoz aurrera jarri duzu. Bueno, lasai, ez da ezer gertatzen. Ez haserretu. Erantzi eta berriz jantzi. Hori da, oso ondo. Tori zapata beltzak. Zatoz. Horrela ez. Baina zuk badakizu lokarriak lotzen. Horrela ezetz. Hurbildu, nik lotuko dizkizut. Maitane! Gosaria mahai gainean duzu! Zuri zukua prestatu dizut. Hartu. Baina, zertan ari zara? Hori gatza da! Ez, hori ez; azukrea hor duzu! Betiko potean! Tori. Zer nahi duzu gaur esnea ala jogurta? Beroa ala hotza? Bizkor, edan, hamar minutu besterik ez zaizkigu-eta gelditzen. Maitane ikastolan utzi eta erosketa batzuk egitera joango gara. Ez, gaur ez dut lanik. Badakizu, lan egiteari utzi diodala oraingoz. Zurekin egoteko. Esnea beroegia dagoela? Ba(da), putz egin. Agudo! Nik gero gosalduko dut zerbait. Orain ez dut astirik. Maitane, hartu al duzu hamaiketakoa? Eta motxila? Eta dantzarako zapatilak? Gogoratu arratsaldean igerilekuan ikastaroa duzula. Bainujantzia? Garbigailuan dago, baina gero eramango dizut. Ea, Maitane, prest al zaude? Maitane prest dago. Gure zain. Badakizu ez duela gelan berandu sartzea gustuko. Ea ahalegindu zaitez. Baina, orain ez haserretu. Bai, gero joango gara erosketak egitera. Baina, Maitane ikastolan utzi behar dugu egunero bezala. Txamarra jantzi behar duzu. Euria ari duelako. Hemen bai, etxean bero egiten du, baina kalean ez. Ez haserretu. Ea, goazen. Ez, oinez ez. Gaur autobusez joango gara. Badakit ez duzula gustuko autobusez joatea, baina oso eguraldi txarra egiten du, eta berandutu egin zaigu. Autobusak Maitaneren ikastolako ate ondoan utziko gaitu eta gero, egunero bezala Mirenen okindegian hartuko dugu ogitxo bat. Zuk gogoko duzun horietako bat. Eta egunero bezala joango gara kioskora, egunkaria hartuko dugu. Atzo erosi nizun Hola. Egongelaren mahai gainean utziko zenuen. Ez gaur ez dugu berriz erosiko. Etxean duzu. Atzo erosi nizun. Ezetz. Ama, egunkaria besterik ez dut erosiko. Ez haserretu. Bazkaria erosi eta gero, sendagilearengana joango gara zure botika hartzera, eta ondoren etxeratuko gara. Eta ikusiko duzu Hola. Bai, lasai, gauzak ahazten dituzu. Ez, ez naiz zure ama, Ane naiz, zure alaba. Ez, gazteena. Lasai, ama. Lasai. Goazen, autobusa zain dugu-eta.