Itsaso Gutierrez: 'Handitan zer?'
Handia zarenean nahi duzuna izango zara esaten dit amak. Nik andereñoa izan nahi dut, Koro bezala. Berak irakasten dizkidan kanta guztiak irakatsiko dizkiet nire gelako laguntxoei. Eta dantzak. Baina ez ditut bikoteak egingo. Bakoitzak nahi duenarekin egingo du dantza; bere lagun mutilekin edo neskekin, edo bakarrik. Andereñoa banaiz, ez ditut futbol zelaiak jarriko eta etxetxo handi-handi bat egingo dut, guztiek panpin pilo batekin jolasteko. Eta, koltxoneta pilo bat sartuko ditut barruan, kolorinkolorau, guztiok saltoak egiteko. Salto gela erraldoi bat egingo dut eta kenduko ditut kotxeak eta baloiak, kotxezitoak eta aulkitxoak jartzeko: panpinak parkera eramateko, kanpinera, hondartzara, ikastolara… Mozorro kutxa bat jarriko dut printzesa gona pilo batekin. Arrosak. Eta agian urdinen bat Frozenena bezala. Maialenena horrelakoa zen eta oparitu zidan txikia zuelako. Oso polita. Nire aita janzten dudan bakoitzean haserretu egiten da. Zapata batzuk erosteko eskatuko diot amari. Takoidunak. Kristalezkoak. Edurnezurirenak bezalakoak. Edo patinak, Frozenek patinak ditu eta gainera aitak kirola egin behar dela esaten dit, indartsu egoteko. Bera kirolaria da. Gauero-gauero korrika egiten du, eta oso indartsua da. Berarekin parkera noan bakoitzean baloia eramaten du eta ni ere bera bezala indartsu-indartsu egingo naiz, gainera, ikastola eta gero futbolean jolastera joaten naiz. Nik ez dut nahi izaten. Baloiari ostikoa ematen diodan bakoitzean oinean min hartzen dut, baina esaten diodanean haserretu egiten zait. Amak ere ikasiko dudala esaten dit. Niri ez zait gustatzen! Gaur parkera joaten banaiz loreak bilatuko ditut. Atzo loretxo zuri-txiki batzuk ikusi nituen betiko zuhaitzaren azpian, baina aitak ez hartzeko esan zidan. Amari oparitu nahi nizkiola esan nion, eta baloiarekin zapaldu eta txikitu zituen. Triste jarri nintzen. Baina horregatik ere haserretu zen. Gaur amarekin noa parkera, eta berari oparitzeko hartuko ditut. Baten bat gelditu al zen osorik? Ikastolan batzuetan futbolean ona ez naizelako barre egiten didate, eta soinekoak gustatzen zaizkidalako, eta panpinak hartzen ditudalako eta etxetxoan jolasten dudalako… Badakizu, nik panpinak oso ongi orrazten ditut. Agian handitan ileapaintzailea izango naiz, eta aitak ikasteko entrenatu behar dela esaten didanez, nik egunero-egunero orrazten ditut: koletak egiten ikasi dut gainera, eta ia-ia trentzak. Niri ilea luzea gustatzen zait, baina amak beti motz-motz mozteko esaten dio Marijori, ileapaintzaileari. Bihar beregana goaz, ilea moztera. Oso jatorra da; printzesen ipuinak kontatzen dizkit eta sugusa ematen dit agurtzen dudanean. Handitan ez banaiz andereñoa, ileapaintzailea izango naiz, Marijo bezala. Eta norbaitek ez badu ilea moztea nahi, koletak egingo dizkiot, edo trentzak. Amak ez dit ezer uzten. Ez ile luzea izaten ezta soinekoa janzten ere. Lorea deitu nahiko nukeela esaten diet, eta neska naizela. Aita haserretzen zait. Txorakeriak esaten ditudala esaten dio amari. Amak; Ibon, handitan nahi duzuna izango zara. Badakit, orduan handitan neska izango naiz!