
Sententzia aurrean. Bi urte emango ditut Martuteneko espetxe honetan. 2015eko abuztuaren 26an ikusiko dut berriz gure etxea. Gure logela. Gure ohea. Hogeita hamar urteak hemen ozta-ozta ospatuko ditut. Ospatu, hemen ez, etxerako utziko dut ospakizuna bera. Hotza eta hezea da hemengo txaboloa. Hutsa. Isiltasunari gailentzen zaizkion urruneko zerrailak, ireki eta itxi, ireki eta itxi. Zergatik ni? Gaztea naiz halakoetarako, gazteegia. Eta atzera ezin egin. Oraingoan ez. Nire alboan zinen. Kotxea estreinatzeko irrikaz eraman zintudan Elizondora. Jaietara. Trago bat, trago bi. Hantxe lagun bat eta beste bat, eta azkenean koadrila ederra osatu genuen. Aspaldiko partez algaraka ikusi zintudan. Gustatu zitzaidan. Zure irria. Zure poza. Gaua luzatu genuen tragotik tragora, tabernaz taberna. Ohikoak genituen lotsaren kateak askatzea lortu genuen, alkoholaren eraginez, akaso. Algaraka bihotza dantzan jarri zenuen eta gustuko zintudan halaxe, aske. Baina bukatu zitzaigun gaua eta gainera etorri egunsentia.
Etxeratzeko kotxez hamar minutu genituen. Kotxerik ez hartzeko esaten zenidan. Baina puntu guztiak nituela esaten nizun. Lasai egoteko, speed marra bat sartuta ez zuela positibo emango. Haserre sumatu zintudan. Baina hamar minututan gure ohetxoan goxo egongo ginela esanda nireganatu ohi zintudan. Zorabiatua zinen. Nekatuta. Agian eguna gehiegi luzatu genuelako. Kontrolen batean harrapatuz gero karneta kenduko zidatela oihukatzen zenidan. Betiko martxan nenbilela berriro ere. Lo kuluxka batek on egingo ligukeela. Hamar minutu barru elkarrekin gozatuko genuela esaten nizun belarrira. Zuk amore ematea lortu nuen. Desiatzen ari nintzen eguzkiaren lehen izpi harekin zurekin oheratzea.
Kotxean sartu ginen. Gerrikoa konpondu gabe. Egitekoak biharko uzten nituela aurpegiratu zenidan. Lasai joan nintzen. Poliki. Ez nuen azeleradorea gehiegi zapaldu. Ezustean harrapatu ninduen. Katu madarikatu hark. Errepidea zeharkatu eta argietara begira zuzen-zuzen gelditu zitzaidan. Saiatu nintzen alde batera eta bestera sahiesten, baina kotxeak ihes egin zidan. Katua onik atera zen. Zu… joan zinen.
Buruan hartu zenuen kolpea. Bakarra. Sententzia eskuan. Bi urtez. Nire barruko tortura honetatik ezin ihes egin. Balitz, banintz, banu… etengabeetan itorik. Hamar minutu besterik ez genituen etxeratzeko. Bi urtez Martuteneko espetxean, emakumeen moduluan. Zure irudiaren atzetik, azken irribarrea, zerrail herdoilduen oihuetatik ihesi. Zure azken algarak, Mikel, eusten ditut azken hatsa bezala. Ez dakit aurrera egin ahal izango dudan zama honekin. Sententzia; erruduna. Epaiketan epaitua. Barrua hutsa. Hotza eta hezea bihotza.