Itsaso Gutierrez: 'Nahi ote nirekin bis intimorik?'
Goizeko seiak. Larunbata. Gaur Alcala Mecora. Zure urtebetetzea ospatuko dugu. Laugarrena atzerrira joan zinenetik. Kristalak eutsiko ditu gure desioak, gure gogoak. Ez dakit elkarrentzat arrotz izango garen. Ez dut lo nahikorik egin. Urduri naiz. Bide luzea. Ordu gutxi barru ikusiko zaitut. Gogoko zenuen ni alkandorarekin ikustea. Gaur zuretzat jarri dut. Nortasun-agiria soinean ba al dut? Bost orduko bidaia aurretik. Zure amak ondo ikusi zintuela kontatu zidan atzo, aurreko asteburuan egon zela zurekin. Hilabete daramazu preso.
Zu bisitatzeko baimenaren zain irrikaz egon naiz, eta eskerrak. Bisak egin nahi ditudala eskatu nahi dizut. Baina ez dakit, beldur naiz. Nahiko duzun ala ez. Onartuko duten. Eta onartzen badute zer egin beharko dudan, eta noren aurrean. Zuretzat zer suposa dezakeen barruan gurearen berri zabaltzen bada. Ikaratzen nau.
Zure begietan ulertu nuen zure intentzioa, asmoa. Lagun handiak izan ginen ihes egin zenuen arte. Isilpeko amoranteak. Zaila egin zitzaidan zure erabakia. Abandonaturik sentitu nintzen. Bizitza zurekin irudikatutako itxarobidez margotu nuela ulertu nuen, eta bat-batean beldurren sakonean hondoratu zitzaizkidan. Gure lagunek ez zuten inoiz maitale izan ginenaren berri izan. Gure artean eta guretzat soilik nahi genuen erromantzea.
Elkarrekin eta elkarri deskubritu genion laguntasunaren atzean su hartu zigun desioa. Lortu genituen sexu askatasuna eta barne tabuen haustura. Baina ingurukoentzat eskaparate bihurtuko ginela uste genuen. Aitortza
hark, urte horietan eginiko antzezpena ebidentzian utziko zuela esaten zenidan. Ez zenuen nahi. Eroso zinen azalerazten zenuen Martin horrekin.
Zurekin deskubritu nuen neure burua. Neure sexua. Beldurrez, antsia betean murgildu nintzen berria zitzaidan desio horretara. Eta hezurretaraino, azal, buru eta bihotzez galdu nuen ekia. Atzerrira joan aurretiko iluntze hartan eman genuen azken musua. Izan ginen larrutan, sentitu nuen zure sexua. Ukitu zintudan azken instantearen arrastoan galdu ditut loak. Erabakia hartuta zenuela esan zenidan. Sutsuki maite ninduzula eta bueltatuko zinela. Baina herriak behar zintuela. Herriarekiko fideltasun horrek hozten ninduen. Mintzen. Haserretzen. Jeloskor jartzen, nire barneko sen berekoiena aktibatzen.
Ez nuen erregutu nahi. Indartsu sentitzen zintudan, eta ni ahul. Txiki. Gutunen batek argitu dit zure bidea. Gogoan nauzula diozu. Maite nauzula. Nirekin ez zarela ahaztu. Urrundu gaituzten urte hauetan izandako buruko zurrunbiloez hitz egin nahi nuke, baina ez, gaur ez da eguna. Nik ez dut Mikel bat baino gehiago izan nahi. Munduari naizena aldarrikatu nahi diot. Aske izan nahi dut. korapilaturik ezin bizi. Maite zaitudala oihukatu nahi dut. Zu besarkatu. Zain izan nauzu. Bihotza apurturik.
Harrotasunez eta haserre. Hemen utzi ninduzulako abandonaturik. Antzezpen ziztrin honek ahultzen nau. Egiak ausart egiten gaitu. 40 minutu aitortzeko nire intentzioa, gogoa. Nahi ote nirekin bis intimorik? Arrotzak ez bagara elkarrentzat, begietan ulertuko dut zure nahia, asmoa. 36 urte gaur. Zorionduko zaitut. Lau ukitu zintudanetik. Alcala Mecorantz. Eskerrak. Gaur ikusiko zaitut.