Itsaso Gutierrez: 'Naizena ez banaiz, ezin izan'
Udazkenean jaioa naiz. Hostoak erorkorrak diren aroa, egunak laburtzen hasten direnekoa, hozten, umeltzen. Beti pentsatu izan dut, urtebetetze bakoitzean, bizitzaren ezin honekin zerikusia baduela. Neguak pisutsuak egin zaizkit beti. Nire barruaren zaratan ezkutatu izan naiz, irriren batekin agertu naizen arren. Irudi batean bizi beharrak akabatu egin nau. Lehertzeraino. Aspaldi ohartu nintzen, neguko arratsalderen batean ziur asko, naizena eta sentitzen naizen horren arteko distantziaz. Umetan, inozentearenak egiten nituen, begirada inozoekin topo egiten nuenean. Jolasean nire kasa ibiltzekoa nintzen. Ez lagun askokoa. Fantasian egiten nuen ihes. Horietan nahi nuena izatea lortzen bainuen. Beti izan dut, ingurukoek ulertu ez duten arren, bakarrik
egoteko joera. Taldean ez dut lekua egitea lortzen, zein paper bete behar dudan kezkagai, kontzientzia, arrazoia eta sentimenen noraezan galtzen naiz. Ezinegon horrek arnasa osten dit. Lotua sentitzen naiz. Korapilatua. Lehertzeraino. Maskara baten atzean, zintzotasun ezaz mozorroturiko laguntasunak ez ditut inoiz izan gustuko. Eta bakardadeak sosegua eman dit, beti. Askatasuna. Bakea. Naizen modukoa izan naitekeelako nire buruarekin. Taburik gabe. Beldurrik gabe. Sentimen kutsaturik gabe.
Konfliktoak ekin ohi ditudala ohartu nintzen duela urte gutxi batzuk. Eta ez zitzaidan gustatu. Ausardia nahi nuke. Ez dut. Eta engainiaturik izan naiz. Arau sozialak zuzena nintzelako eta errespetuz jokatu nahi nuelako betetzen nituela sinetsi nuen. Nire
kalterako. Horretan ere iruzur egin diot neureari. Koldarra naiz. Ezin dudalako arau sozialen baitan bizi. Ez dakidalako bizitza konbentzional batean hazten. Ausardia dut faltan, munduaren begietan ahul sentitzen naizelako. Lehertzeraino. Nahi dudana izan eta naizenaren arteko distantziaz jabearazten nauelako. Handia naiz, bakardadean. Askea. Baina ez dut bakarrik bizi nahi.
Horregatik nire 21garren udazken honetan, neguak izan nezakeen bizi gose apurrarekin akabatu duelako hartu dut erabakia. Banoala. Inora. Borrokatzeko, indarra behar delako. Eta inoiz ez naizelako naizena izango. Aldarrian ez dut nahi bizi. Ikustezina nahi nuke izan. Baina gizon. Ez jaio nintzen emakume gorputz honetan. Eri dut bihotza. Munduaren begietan emakume naizen arren, gizon sentitzen naizelako. Eta ez dut, ez, aldarrian bizi nahi. Fantasian bizitzeko, oinak airean urrunegi beharko nuke bizi. Baina kateaturik sentitzen naiz. Bahiturik. Arrotza zaidan gorputz batean ezin biziz. Begiek barne-bidaia batean ongi erakutsi zidaten, aspaldi, gizon nintzela. Ispiluek munduarentzat beste zerbait islatzen dute, ostera. Ispilu okerrak, akaso, baina ez dut indarrik ispilu horiek hausteko borrokari lotzeko.
Bakardadean egiten dut eztanda nik. Arau sozial eta begi konbentzionaletatik haratago emozioen bor-borrean sentitzen naiz ni neu. Horregatik banoa. Naizena naizelako. Askea ezingo banaiz nahiago ez izan.