Itsaso Gutierrez: 'Nekez…'
Hezurdurak nekez eusten nauen honetan urrunetik ikusten zaitut. Indartsu. Nekaezin. Elkartu ginen arrats hartan hauskorra zinen. Ahul. Nire besoen babesean ezkutatzen zenituen zure minak, desioak, goseak. Amets egiten zenuen. Miren ausarta batekin. Munduaren aurrean edozein erronkari aurre egiteko gai izango zen Miren batekin. Begiak dirdirez betetzen zitzaizkizula oroitzen dut. Ametsen dirdirez. Baina hitz hutsetan galtzen ziren fantasia ipuinak bihurtzen ziren. Indartsu sentitzen nintzen. Baliozko. Nire besoen beharra zenuelako. Bost bat urte eman genituen bizitzaren zirrikitu txikienaz gozatzen saiatzen. Ikasiko genuelakoan. Nekatu ote genituen gure ilusioak? Ase ezina sentitzen zintudan. Zerbaitek barne ezinegona piztuko balizu bezala. Bizitzak eskaintzen zizkizun aukerak ez ote nahikoak? Ikarak hartzen ninduen zu zorioneko sentiarazten ez zintudala ulertzen nuen bakoitzean. Isilpean gordetzen nuen beldurra. Eta zu, gauza txikiekin ezin ase eta ñimiñoekin itota. Hortxe ninduzun, ordea. Zure zurrunbilo horretan makulu. Bidelagun. Zutabe. Irririk sumatzen ez banuen ere, jakin banekin, aurrera egiteko behar ninduzula. Noraezean sentitu zintudan urte horietan guztietan, bilakuntza amaigabe batean. Begi niniak horizonte berrien irrikaz aritzen zitzaizkizun urrutirantz. Hurbil nintzela ezin ikusi. Ezin sentitu. Premiazko baninduzun ere. Ama gazte izan nahi zenuen. Horrek osatuago sentiaraziko zintuelakoan. Munduari handia zen zeozer eskainiko zeniolakoan. Zure itxaropen guztiak amatasunean islatzen zenituen. Iristen ez zen sosegua emango zizulakoan. Bost urte eskasetara izan zen zure haurdunaldia. Ederra eta gogorra. Negarrak etengabean harrapaturik, hormonen dantzan justifikaturik, egonezina areagotu zitzaizun. Beldurrez josia akaso. Aitatasunak handi egingo ninduela sinistu nuen. Batuko gintuela. Biok sortutako bizitzaren jarioak, bestelako ongizatea, poza ekarriko zigulakoan. Zoriontasunaren hitzordua.
Ama onena izateko erronka azalean tatuatu zenuen. Zirrara berriren baten bila. Liburutan murgildu zinen. Teoria desberdinen haitzuloetan. Sakon sentitzen zintudan. Bat batean egiteko bat zenuelako indartsu. Gogotsu. Motibaturik, biziguraz. Nigandik urrun, bakardadean janzten zenuen zure amatasun instintoarekin batera, zure Miren berria. Eta berriz jaio zinen. Uteroan sortzen zitzaigun bizitzarekin batera. Zurea zenuen. Soilik zurea. Nirea zen zatia, gogoak, beharrak, ilusioak ahazteraino. Desio izan nuen zurekin umea izatea. Hezitzea. Adostea. Elkarbanatzea. Desio izan nuen zure irria, zure indarra. Gure Kizkitza jaio zen. Baita koxkortu ere. Zure alboan. Zure babesean. Zu makulu zintuen. Zutabe. Ahula zen, hauskorra. Eta zu indartsu egin zinen. Behar zintuela sinisten zenuenean. Gaur, aitatasun instintuarekin haserre naiz. Itxaropen faltsu bat eraikitzen lagundu zidalako. Nire ziurtasun guztiak ostu dizkidalako. Eraikitzen hasi ginen bidean bazter batean sentitzen naiz. Zu eta Kizkitza aurrera zoaztela ikusten dudanean. Orain ahula naiz. Hauskorra. Ez dut zutaberik. Ez makulurik. Hezurdurak eusten nauen honetan, nekez.