'Ongi etorri Arritxu!'
Itsaso Gutierrez, hezitzailea ofizioz eta musikaria afizioz
Gauero, iluntzearen ostean, egunaren azken minutuetan, egin ditugun eta egin behar ditugunen zerrendak pilatzen zaizkigu. Azken minutu horietan, eguneko azken hatsari heldu nahian, ihes egin ohi dugu. Batzuetan, telebistaren zaratak gure kezkak isilduko dituelakoan; besteetan, libururen baten kondairara egiten dugu ihes; baina, gehienetan, azken segundoetan, gure pentsamenduen zurrunbiloak harrapatzen gaitu, oharkabean. Gauaren beroa maiz, hotz bihurtzen zaigu. Bakardadea sentitzearen ikarak gure eguneroko kondaira txikia elkarbanatzeko irrika pizten digu. Lekukoak bilatzen ditugu. Oroitzapenetan. Telefonoaren bestaldean. Gure etxeetan. Eta, horiengana jotzen dugu, gabon esaterakoan, erantzunak babestuak sentituko gaituelakoan. Baina, eguneko azken taupada, bakardadean ematen dugu. Zurrunbilo horretan. Pentsamenduen irudietan. Beharbada, maindire azpian ezkutaturik. Gure gorputzak uzkurturik. Biribildurik. Biharko egunekoak gogoratzen ditugu, buruan egin beharren zerrendaren errepaso azkar bat eginez. Gure sentimenen oihuetatik aldenduz. Eta begiak ixterakoan, barneko ezinegonak lasaitzen saiatzen gara, buruari eta gorputzari inposaturiko erritmoa ezin jaitsiz. Eta horrela, hartzen dugu deskantsua. Nekearen nekeaz. Buruan, kezkek kolpatzen gaituzten arte. Bederatzi urtez biribildurik, uzkurturik, kezkaturik, eman dituzula dut ene zurrunbiloan. Espetxean, gauean “ondo lo egin” baten erantzuna jaso ez duzula. Egunetako azken hatsak, askatasunaren arnasatik hurbilago eman dituzula. Zure bizipen txikien kondairak lekukorik gabe bizi izan dituzula, urte luzez. Patioko eta burdin ateen zaratez bizitako egun bakoitza ezabatu beharko duzu. Eta hiriaren gosean murgildu beharko zara. Donostiako txoko berriak ezagutu beharko dituzu. Lagunen denboraren arrastoetara egokitu beharko zara. Hiriaren joan-etorrian. Eta ziur asko, guk horietatik ihes egiten saiatzen garenean zu horietan murgiltzeko premia izango duzu. Begirada berrien goseaz. Zaharkitutako irudi ximurrak berritzeko premiaz. Ziegako gau hotzak ahaztuko dituzu. Etxeko berotasunean. Zure ohearen goxotasunean. Uzkurturik. Biribildurik. Etxeko usaina duten maindirepean, beharbada. Lekukorik ere ez duzu beharko. Askea zarela sentitzea nahikoa izango duzu. Azken urteetan lagun izan dituzun ehunka sentsazio hotzetatik ihes egiten saiatuko zara. Lortuko ere, gehienetan. Eta zure sentimenen aldarria garrasi batean izango duzu, entzungo duzu. Eta begiak ixterakoan, zure buruarekin egingo duzu topo. Eta kristalaren bestaldean esaten zenidan bezala, zeu izango zara guztiaren lekuko bakarra. Eta, gehienetan, egunaren azken segundoetan, zure pentsamenduen zurrunbiloak harrapatuko zaitu, oharkabean. Baina, zuk, oraingoan, ondo lo egingo duzu. Ongi etorri gurera, Arritxu!!