Itsaso Gutierrez: 'Uda iragan da, jada'
Niri uda asko gustatzen zait. Aitatxorekin egoten naizelako. Udan nirekin jolasten du. Parkean, hondartzan, etxean,… Gainera eguraldi ona egiten du. Eguraldi onak aita pozik jartzen du. Beti hala iruditu zait. Baina iragan da. Aitatxori oporraldia amaitu zaio eta goizean goiz ikastolara eramaten nau. Bere poza galdua du, lanerako bidean. Haserre doa lanera. Arkitektoa dela esaten du. Etxeak egiten ditu! Handiak, txikiak, pisu askotakoak… Bere etxeak adreiluzkoak dira, ziur. Egun osoa ematen baitu etxeak egiten. Zergatik ez ote ditu lastozkoak egingo? Otsorik ez bada gurean? Beste jende batentzat direla. Etxea ordaintzeko eta jatekoa izateko egin behar dituela. Baina nik jangelan bazkaltzen dut eta badugu etxea! Gainera handia. Oso handia da. Badut gela bat, niretzat bakarrik. Sabailan izarrak ditut itsatsirik. Aitak itsatsi zizkidan. Udan izan zen nire urtebetetzea eta pastel bat egin zidan eta izarrak oparitu. Kandelak itzali nituen. Bostak. Beno, batek ez zuen itzali nahi eta aitatxok lagundu zidan itzaltzen. Berak uste du ez dakidala. Haserretu nintzen, nik guztiak itzali nahi nituen. Eta ez nuen pastelik jan. Txokolatezkoa zen. Txokolatea gustatzen zait, baina nire kandela aitak itzali zuen.
Bi lo, eta ikastolara berriz. Lagunak baditut han. Nire urtebetetzeko argazkia eramateko eskatu digu Mikel maisuak. Jatorra da. Pozik dago beti, ez aitatxo bezala. Jolas egiten dut berarekin. Lagunekin ere. Batzuetan. Futbolean aritzen ez badira. Badago atarian zomorro xelebre bat. Eta hori harrapatzen saiatzen naiz. Zango pilo bat ditu. Eta oso azkarra da. Nik zulo bat egiten diot lurrarekin eta adar batez bultzatzen dut, eta zast! Nire tranpan erortzen da! Mikel ohartzen den arte. Narratsa dela esaten dit. Baina niri gustatzen zait. Askatzen dut harrapatu ondoren. Bere laguna naiz. Ez du-eta lagunik, bakarrik dabil beti hemendik hara. Baina nirekin pozik egoten da. Aste honetan ez dut ikusi. Agian zerura joan da. Kohete batean. Izarrak ikustera. Hala egin nahi dut nik. Mikelek planeta asko daudela esan digu gaur. Saturno, Pluton… eta ez dutela argirik. Gure Ama Lurrak ere ez duela argirik. Baina nik uste dut oker dagoela, ez balego argirik ezingo bainuen ezertxo ere ikusi, eta ondo ikusten dut nik. Despistatu xamarra da Mikel, baina jatorra. Nirekin jolasten du. Nire izena idazten ikasi dudala kontatu dizut? Mikelek irakatsi dit. Aitak ez du eta denborarik. Etxeak egiten ari delako. Oso goiz noa ikastolara, ama. Oraindik ez dira beste umeak iritsi. Eta marrazkiak egiten ditut Mikel etorri arte. Udan ez gara hain goiz jaikitzen. Eta aitatxok nirekin jolasten du. Bere ohean sartzen naiz eta ipuinak ikusten ditugu. Bere goizeko poza gustatzen zait. Ni ere pozik jartzen naiz. Baina uda iragan da, jada. 3 urte nituela joan zinen. Gaixo zinela esaten dit aitak. Baina berak ez daki, zurekin hitz egiten dudala gauero.