'Zergatik ez!'
Itsaso Gutierrez, musikaria afizioz eta hezitzailea ofizioz
Hamazazpi urte nituela erabaki nuen biolina alboratu eta gitarra elektrikoa jo nahi nuela. Ez nuen zalantzarik izan. Ezta damurik ere. Garai hartan, neska gutxi hurbiltzen ginen rock kontzertuetako lehen ilaretara. Hala bizi nuen nik behintzat. Bakar batzuk nahasten ginen ukabilkaden eta ostikoen artean. Halaxe dantzatzen genuen. Hesiak eutsita txima luzeak astintzen nituen. Harridura begiraden artean lotsak gainditzen saiatzen nintzen. Mutilez inguraturik. Neska batentzat doinu bortitzegiak omen.
Nire musikari eredu guztiak gizonezkoak ziren. Gitarra joleak. Argi nuen rockak barneak askatzen zizkidala. Amorruak ateratzen. Haserreak baretzen. Nire kantak egin nituen. Pentsatu nuen… Zergatik ez! Punk rockaren ukitua zutela esaten zuten. Ez dakit… nik barnetik ateratzen zitzaidan haserrea abesten nuen. Oholtza azpian edo gainean, musika terapia gisa bizitzen nuen.
Hamabost urteren bueltan, leku berean sentitzen naiz. Lehen ilaratan, oraindik ere neska gutxi batzuekin soilik egiten dut topo. Eta oholtza kide are gutxiagorekin. Elkarrizketa ugaritan horren inguruko kezka azaldu zait: “Zergatik uste duzu emakume gutxi dagoela rock munduan?”.”Ba ez dakit, galdetu ausartzen ez denari…”. Benetan, erantzuna ez dudala sekula argi izan. Niretzat, erabakia hartzea oso erraza izan zen. Ilusio bat nuen, horrexegatik borrokatzea erabaki nuen. Hain izan nuen gogoko ezin izan dudala utzi orain arte.
Niretzat, nire bizia da. Egia da, egoera askoren aurrean ate asko itxita topatu ditudala, eta exijentzia maila altua sentitu ohi dudala. Ziur asko, mutilek sentitu ohi duten baino handiagoa. Arrazoiak ehunka. Egia da, ohitura faltagatik besteen begiradak erneago daudela. Irudia ezeren gainetik gailentzen dela. Baina edozein eremutan bizi behar izaten dugun gordintasuna da. Ez soilik musikan.
Beharbada, genero bereko ereduak hartzeko joera dugu. Akaso, ingurukoak erreparatzean, genero desberdinekoekin ez gara identifikatuak sentitzen. Eta horregatik agian, mutilek egiten dituztenetatik gutxi imitatzeko joera dugu emakumeok.Beharbada. Haurren artean hala dela sumatu dut, tamalez. Oraindik zergatia ulertzen ez dudan arren.
Urteak daramatzagu rock munduan emakumearen presentzia aldarrikatu nahian, emakume ikusle gehienak itzalpean gelditzen direnean. Luze daramagu emakumearen hitzak garrantzia duela esaten, oraindik ozenegi adierazten ez dugun arren. Baina presentzia fisikoa baino haratago doa gure beharra.
Emakumeak, gure sentitzeko era ulertua dela jakiteko premian gaude. Aintzakotzat hartzen zaigula sentitu nahi dugu. Baita rock munduan ere. Prefabrikatutako proiektuetatik haratago. Guk geuk sortu ditzakegun horiek abiapuntu izanik. Gure kemenaz. Gure sentimen eta sinismenez. Eta horregatik, gure hitzaren aldarria doinuez adierazteko garaian gaude. Zergatik ez!