Itsaso Gutierrez: 'Zoria zori'
Nahiko gazte lortu nuen gurasoen etxea uztea. Erraza izan zen erabakia. Aitaren zaletasuna bultzaturik harri jasotzaile trebea nintzen, eta gogor entrenatu ohi nuen, nire independentzia ekonomikoaren ateak irekiko zizkidala ohartu gabe. Urte batzuk egin nituen 18 urteak arte, lehiatik lehiara, gaztetasunaren senak sakrifikatuz. Herri txiki batekoa naiz. Gehiegi urrundu ez nintzen arren, neure espazioaren beharraz etxetxo bat erosi, hipoteka batean sartu, eta nire mikromundua eraiki nuen. Bakardadearen pribilegioez ikasteko aukera izan nuen. Emozioen balantza horren ikaskuntzan malgu jokatzen nuen, gazte garenean dugun egokitzeko gaitasun horrekin. Harriak jasotzen, entrenamenduetan eta lehian buru-belarri sartu nintzen. Nortasun bat, identitate bat ematen zidalakoan. Indartsu sentitzen nintzen. Boteretsu. Ohikoa ez den kirol bat hautatu nuelako. Zoriak, eta aitaren irrikak bultzaturik egin nuen bidea. Ez nuen, ordea, zalantzan jarri. Urte batzuk eman nituen, hemendik hara, herritik herrira, etxetik kiroldegira; gorputza gorpuzten, indartzen; besoak sendotzen, gihartzen; burua hozten, eta teknika berriak barneratzen. 100 kilo altxatu nituenean, hurrengo harrian soilik nituen begiak. Lorpenak ezin dastatuz, erronkak ziren nire obsesio. Marka berriren bat gainditu behar nuen. Egindakoetatik haratago iritsi nahi nuen. Egunetik eta instanteetatik urrutiratzen nintzen, lortuko nituenetara bidaiatzen, horietara iristeko bidea egiten, borrokan, sakrifizioan, gogortuz. Ezustean harrapatu ninduen ezbehar honek. Bizitza goitik behera desegin zitzaidan.
Larunbata zen. Nafarroako ez dakit zein herritara joan behar genuen; nire markak haustera. 26 urte egin berri. Harri jasotzailerik ezagunenak hantxe ziren izatekoak, nireari begira. Nirekin bat. Aitarekin joatekoa zen ama, ohikoa ez zen bezala. Pozez hartu nuen. Urduritzen ninduen arren. Nire herriko lagun batekin joan nintzen. Zalea baitzen oso. Autorik ez nuen. Nire entrenadorea han izango nuen zain, goizean goizetik abiatu ohi baitzen, urduri. Lagunak jaso ninduen. Kotxe ilun batean. Beltza oroitzen dut. Berandu xamar zen. Urduri nengoen. Herri galdu hura ez ote genuen topatuko nuen kezka bakar. “Ba al dakizu non den?”. Baietz esaten zidan. Bidegurutze batean, ostera, okerreko norantza hartu zuen. Tentsioak harrapatu gintuen. Haserreak. Ezinegonak. Berriz bidegurutze horretara iristea lortu genuen. Ordubeteko atzerapenarekin. Barneak irakiten nituen. Sutan. Nire esfortzua lagun haren erruz zapuztuko zelakoan. Eta orduan gertatu zen. Bizitzak beste bide bat hartu zuen. Gure haserrean trinkoturik, ez ginen errepidea olioz bustirik zegoenik ohartu. Lagunak autoaren kontrola galdu zuen. Biraka ari ginela besterik ez dut oroitzen. Bira eta bira, eta bira. Ezin izan ditut inoiz oroitu luze iraun zuten segundo horietan gertatu zirenak. Buruz behera ginen, kotxearen abiada harekin amaitu zuen harrizko pareta haren kontra egin genuenean. Lagunak ez zuen min handirik hartu. Hankak ezin mugitu gelditu nintzen ni. Marka berririk gabe.
Gurpildun aulki honetan trinkoturik. Zoriak hala erabaki zuen. Ikustezin bihurtu nintzen ingurukoen begietan. “Emakume gixarajoa!” jendartearen ispiluarentzat. Trabak gainditzeko berezko indarra badut, ostera. Egunero instant bakoitzari erreparatzen erakutsi zidan bizitzak. Ez hainbeste urrutiratzen. Astiro bizitzen. Sentitzen. Ideia berri honekin bizitzen ikastea da nire erronka. Handia. Ikusten ez nauen munduari existitzen naizela erakustea nire marka. Indartsu eta boteretsu sentitzen naiz oraindik ere. Bizitzak aurrera egiteko beste aukera bat eman dit, hori dut kontsolamendu. Jarraitzen dut entrenatzen, gorputza gorpuzten, besoak gihartzen, premiak beharturik eta nire independentzia neurri batean berreskuratzeko asmoz. Identitatea eta nortasuna, nire baitan daudela ikasi dut. Erresistentzian. Ez etsitzen. Aurrera egiten. Erronka berrien lorpenak dastatzen. Pausatzen. Sentitzen. Bizitzen.