Itsaso Gutierrez: 'Zure arnasbide, nire itoaldi?'
“Zer moduz dago Jon? Orain non? Eta animoz? Hasi al zituen azkenik ikasketak? Eta iristen al zaizkio liburuak? Trasladatu zuten, ezta? Hau poza, laster kalean izango da!”. Zubi. Bide. Bi munduren arteko lokarri. Ezinbesteko nauzu. Zeurean. Zureentzat. Zenbat dira kartzelan… zortzi, ezta? Bai, zortzi urte, bi hilabete eta egunen bat. Igandeetan hasten zaizkit asteak. Etxera iritsi, eta zure arropa zikinak garbitu ohi ditut, biriken barruraino arnastu eta gero. Zuk gogoko duzun saboia erabiltzen dut beti, etxeko usaina zurekin eraman dezazun. Atzo funtzionarioei poltsa utzi nien, inoiz ez dut jakiten guztia helduko den. Bihar deituko nauzu, eta argitu beharko dut. Bihar ere etxean geldituko naiz. Goibel sentitzen zaitut bisitetan. Zer duzu? Ez zara hitzetan inoiz argia izan. Lasai Jon, esan nizun zurekin egongo nintzela eta hementxe nauzu.
Barruak larrutu, txikitu, birrindu zitzaizkidan atxilotu zintuztela esan zidaten egunean. Galtzen zintudala ohartzean bizitzak zentzua galdu zuela sentitu nuen. Hala uste nuen. Eta inertzia horrek arrastaka narama. Ederra zen gure maitasuna, sentimena. Mingarria. Distantziak handi bihurtzen zuen. Asteak negarrez eman nituela oroitzen dut. Zure faltan. Zure premian. Zu gabe ezer ez nintzela oihukatuz. Hala sentituz. Eta begiak bakarrik han, maitasun erromantiko trinkotuan. Herriko jendeak besoetan hartu gintuen. Etxera maiz etortzen ziren, zutaz galdezka, zuretzat gutunak eta opariak ekarriz, asko estimatu ditugun afektu-keinuak. Babestua sentitzen nintzen. Besteen begietan zurea nintzela ikusten nuen, eta gurea bermatzen zuela ulertzen nuen.
Gaur Karmelek zuregatik galdetzeko deitu du. Lagun zerrenda osatu ezinik daramatzat aste batzuk, ez dakit kontatu ala ez. Baina lasai egon, hurrengo bisitetara neu joango naiz, ez zaigu-eta askorik falta. Neu zutabe, oinarri. Zuretzat naiz, arnasbide. “Kartzelako errealitatetik ateratzen dudan esperantza bakarra zara” esaten zenidan. Zuretzat? Eta ni zain. Besterik ez dut… dudalakoan. Zaintzan. Hurrengo astekoak antolatzen, pentsatzen, lotzen ohitu egin naiz, baina nekatu ere. Arnasik gabeko bidea egin dut, eta ez dut nintzenaren arrastorik aurkitzen; zu ezagutu aurretik hasi nituenak ezabatu ditu denborak, baztertu, ahaztu egin ditut. Zurekin eta zuretzat biziko nintzela erabaki nuen, atxilotu zintuzten egunetik; behar nauzu, neu naiz zeure esperantza, arnasbide. Nire bidea eten nuen, zuganako bidea egiteko, munduarekiko zure lokarria izateko.
Hilabete honetan kaleratuko zara, badakizu. Badakigu. Berriz ere ezagutu beharko zaitut, nauzu. Nor naizen ere ez dakidan honetan. Kalean ere ez naiz aspaldian ibili, baina, hala ere, munduaren zubi izango nauzu. Ez dut neure burua ispiluan bisitatu, aspaldi. Nik erabaki nuen zurekin egongo nintzela. Txanponaren alde bakar bati so egiten nion bitartean, beste aldeari entzungor eginez. Lokarriak sare sendo bat eraiki baitezake, baina, lokarriaren korapiloak ere itogarri izan daitezke.