Itsasoa
Cervino menditik itsasoa ikus ote daitekeen. Hortaz eztabaidatzen dute Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da eleberri hunkigarriaren pertsonaiek. Batzuek ezetz diote, guztiz ezinezkoa dela. Beste batzuek, aldiz, zoriontasunaren gailurretik dena dela posible; baita Cervino mendiko tontorretik itsasoaren urdina ikustea ere. 1992ko uztailean itsasoa ikusi nuela dudarik ez dut. Ikasturtea bukatu berritan, hiru egun ahaztezin pasatu nituen Tourra bertatik bertara ikusten. 31 urte ez dira alferrik pasatu. Dena eta denok aldatu gara, eta iruditzen zait gaur egun txirrindularitza ez dela horren gertukoa. Hots, zaleok txirrindulariengandik lehen baino urrunago gaudela uste dut.
1992ko hartan gogoan dut inolako akreditaziorik gabe ziklisten artean ibili ginela lagunok eguraldi goibeleko hiru egunetan. Richard Virenqueren sinadura lortu orduko atsekabetu ginen; famaturen bat izango zela pentsatzen genuen eta Virenque deritzon hura ez zuen inork ezagutzen… harik eta egun hartan bertan, Pauen, maillot horia jantzi zuen arte. Argazkia atera genion Claudio Chiappucci handiari Kuxkulo litxarreria dendaren pare-parean. Bugno ere handik zebilen, eta Fabio Parra kolonbiarra zapaldu nuela gogoan dut barkamena eskatu nion, noski. Zenbat ordu pasatu genituen Okendoko aparkalekuaren sarreraren ondo-ondoan, Argentinar Errepublikaren kalean, erlojuaren kontrako etapa lehen lerrotik ikusteko, hasi eta buka! Osasuna lagun, gurean bukatuko den etapa amaiera ikustera hurbilduko naiz, noski, nerabezaroko oroitzapen gozo haiek freskatzera.
Pandemia garaian zaila zen oso itsasorik ikustea etxezuloan sartuta, baina itsasoaren antzeko zerbait ikusi nuen konfinamendutik egindako sartu-irtenaldi nahasgarri haietako batean, bizikleta hartu eta Uliara igo nintzen goiz eguzkitsu hartan. 10:00etarako etxean behar genuen zintzo demonio eta, horregatik, oso goiz esnatu beharra zegoen. Hori gutxienekoa zen. Ulia igotzen hasi eta txikitako ametsa bete nuen; txirrindulariak, asko, gora eta behera, Tourmalet txikia izango balitz bezala. Zenbat aldiz ez ote genukeen imajinatuko lagunok egunen batean Uliako maldak txirrindulariz beteko zirela, nahiz eta jakin hori ezinezkoa zela, haraino ezin zela lasterketarik iritsi…
Normaltasun berriak deiturikoak Uliari ohiko itxura bueltatu zion gero, noski. Ohikoa da txirrindulariak ikustea igoerako aldapa leunetan, baina nekez errepikatuko da 2020ko maiatzeko irudi hura, ez bada norbaitek antolatzen duela Uliako herri igoera modukoa. 1992ko Tourrean egindako ia argazki guztiak galdu ditut, eta Uliara joandako goiz hartan, etxetik ihes egiteko eta garaiz bueltatzeko beharrak eragindako urduritasunak hori bai erlojuz kontrako latza! galarazi zidan argazki bat egitea. Lastima… Hala eta guztiz ere, nork bere buruan irudika lezake itsasoa. Hura bilatzea eta gogora ekartzea da kontua.