Izarne Zelaia: 'Izotz lurrunduak'
Badaukat lagun jator bat, zer egin nahi duen galdetzen diodan bakoitzean galdera bueltan botatzen didana. Berari beti berdin zaio zer egin. Nora joan. Zein pelikula ikusi. Zer afaldu. Batzuetan, esan nahi nioke nekatu egiten nauela beti beragatik erabaki beharrak. Baina ni baino nekatuago dago bera. Begi-zuloetan antzematen zaio ilusiorik ezaren nekea, bere nahiak nola bilatu ahaztu zaionarena. Bere buruaren baitan hamar bira ematen dituen haurra bezain zorabiatuta, galduta dabil. Eta oreka aurkitzeko parean suertatzen zaion edozeri heltzen dio: ondokoa gozarazi, limurtu nahi horretan galtzen du bere izatea, ohartu gabe horrek iraunarazten duela dagoeneko bere-bere egin duen desoreka. Eta kezka bat daukat, bere desio, amets eta nahiak ez ote zaizkion joango urrunegi, laster beraien bila joaten ez bada. Ez ote diren bera baino gehiago galduko, sauna barruko izotz puska bezain aurkiezin bilakatu arte.
Gaur ere saiatu naiz: trago bat hartzera joan eta nirea bakarrik eskatu dut, nire hitzak berea eraman ez zezan.
«¿Lo de siempre?», galdegin digu Jaimek. «Nik bai, mesedez, zurito bat. Eta zuk?», pasa diot lekukoa Anartzi. «Yo tambien, otro zurito».
Besteren desirei men, zurerik ez omen.
Bai, berriro egin du, oraingoan bi bider. Bere gorputzak ikasi duen erreflexuzko erantzunez, besteren gustua betetzeko eran. Nahiz badakien Jaimek ederki ulertzen digula eta ez litzakeela haserretuko euskaraz egingo balio, are, gehixeago ezagutzeko aukera emango liokeela bereari eusten jakingo balu. Nahiz badakien, ni ere ez naizela lagun txarragoa izango ardo zuria eskatzea erabakitzen duenean. Nahiz badakien, berea ez egitea eta besteren gustura aritzea ez direla sinonimoak.