Izarne Zelaia: 'Inprobisatzeaz'
Bere hizkuntzan egiteagatik Ertzaintzak gazte bat identifikatzea; mezu feministak zabaltzeagatik Facebookek Muy Bastas orrialdea ezabatzea; erraustegiaren aurkako martxan Ertzaintzak bidea moztea; kotxea gaizki aparkatzeagatik udaltzainen errezeta jasotzea; eskolako bileran guraso batek erdaraz egin duelako talde osoak hizkuntza aldatzea; dendariaren itxuragatik soilik auzokide batek “una barra pequeña” eskatzea…
Herritarrok boterearengandik jasaten dugun errepresio edo kontrola eta bere eragina, zuzena zein zeharkakoa izanik ere, nahiko erraz identifikatzen dugu. Ordea, norberak gure buruen gain dugun kontrolatzaile hori detektatzeko radarra ez dugu horren fin programatuta. Ohartzerako, maindirepean sartu den arkakuso baten hozkadak nola, abiadura berean biderkatzen da norbere bizitzako arlo intimoenak kontrolatzeko joera. Lanean profesional bikaina izan nahi dugu, lagunei kale egingo ez dien lagun leiala, aisialdian motibatzen gaituen horretan artista. Eta ezeren gainetik, erlojuaren ibilia aprobetxatu gabe joan ez dadin, hitzorduz betetzen dugu egutegia.
Ez dakit inoiz gertatu zaizuen, gertatu zaizuela ohartu zareten, edo hala egitea kontzienteki erabaki ote duzuen. Ni oharkabean hasi nintzen, halakoren batean. Agendan lagunekin egotea betebehar modura apuntatzen. Astearteko tartetxo honetan batekin, ostiralekoan bestearekin. Eta zaintza garrantzitsua den arren, egongo dira moduak lagunak zerrenda baten parte izanarazi gabe zaintzeko. Ez baita inoren gustukoa unea iritsitakoan ohartzea hori ez zela beraiekin egoteko momentua. Agian arnas pixka bat hartzeko, sofan botata egoteko, izerdi pixka bat nahieran botatzeko edo idazteko momentua izango zela. Alegia, gorputzak, gogoak, momentuan eskatzen zuena egitekoa.
Burua paperean idazteko beste makurtuta, baina ez horregatik lotsatuta, esan nahi dizuet ez zaretela betebehar bat, nire desio eta beharra baizik. Hala zela banekien lehen ere, baina ez dut beti praktikan jartzen jakin. Ez dut berriro kontrolatu nahi zuekin pasatzen dudan denbora.
Deituidazue, konpromisorik gabe, gogoak ematen dizuenean. Halaxe egingo dut nik ere. Agendan apuntatu gabe.